GARA > Idatzia > > Kultura

«Iparraldeko Xapelketa hizkuntzari hats berri bat ematera dator»

p042_f03_97x120.jpg

p042_f04_46x68.jpg

Kesus ARZALLUS

IPARRALDEKO BERTSULARIEN LAGUNAK ELKARTEKO LEHENDAKARIA

Ipar Euskal Herriko lehen Bertsulari Xapelketaren antolaketa lanetan buru-belarri sarturik da «aspaldi erretreta hartua» duen bertsolaria. Kesus Arzallus du izena eta gaur egun Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria dugu.

Maite UBIRIA | DONIBANE GARAZI

Gaur Donibane Garazin (Vauban, 17.00etan) jokatuko den lehen kanporaketaren atarian, Arzallus bertsolaritzaren orainaz eta geroaz mintzo da «Kazeta.info».

Nola biziko duzu, elkartearen buru zaren heinean, txapelketa hau?

Elkarteari Xapelketak lan handia ekarri dio, baina era berean jendeak gogoz hartzen duen lana dela errango nuke. Badakigu bi hilabete gogor ditugula aurrean: antolaketa lana, komunikabideekin harremana ongi kudeatzea... Baina, horren guztia- ren gainetik, Xapelketa bertsolaritza zabaltzeko erronka da, eta parioa ederra da guretzako.

Zer onura ekarriko dio Ipar Euskal Herriko bertsolaritzari?

Hemen izan da belaunaldi bat, bertsolaritza indarra galtzen ari zela zirudiena. Gure ustez, Xapelketak erakutsiko du belaunaldi berri batek atxiki diola bertsolaritzari, eta horrek beti itxaropena ematen du etorkizunean.

Bertsoa eta lehia, Xapelketaren osagai nagusiak. Norgehiagoka baino harago zerbait ote da?

Xapelketa, egia da, bertsolarien arteko lehia da, baina hortik harago, herriaren nortasuna sendotzeko erronka agertzen zaigu. Uste dugu Seaskarekin batera, AEKrekin batera, irakaskuntza edota komunikabideetan euskara zabaltzeko egiten den lana osatzera datorrela Xapelketa. Hizkuntzari hats berri bat ematera dator Xapelketa.

Zaletasuna elikatzeko bidean lagungarria al da bertsolarien arteko lehia?

Euskalduna izanik normalki bertso saioak segitzen ez duen jende anitzek izanen dute Xapelketaren berri, komunikabideen bitartez edo zuzenean. Eta plazer pixka bat hartzen badute, aurrerantzean ere jarraituko duten esperantza dugu...

Mixel Aire ahantzi gabe, Xapelketak aurpegi ezin gazteagoak ditu. Tokatzen zaizunez... bertsolariek erretreta hartzen dute?

Bertsolariek ez dakit, baina bertsolari honek bai.

Eta nola eramaten da Xapelketan lehiatzen diren seme eta alaba baten aita izatea?

Horretan pentsatzen hasita, akabo. Sobera konplikatua izango litzateke dena. Bertsotan egin behar dute denek, ahal duten ongiena, eta aurrera ateratzen dena, aterako da.

Plazen falta gainditzea al da Iparraldeko bertsolaritzako pario nagusietariko bat?

Etorkizunean badugu pario asko irabazteko. Lehenik eta behin, entzuleak irabazi behar ditugu. Ez nuke errango gutxi direnik, badira bertso saioak, afariak... baina uste dut jakin behar dugula bertsolaritza transmititzen euskaraz bizi den euskaldun jendeari. Neurri batean egina dugun lana da hori, baina gero eta gehiago aritu behar gara horretan.

Eta plaza arruntetik Interneten sorturiko plaza libreetara...

Teknologia berrietan ez naiz batere aditua, baina bistan da etengabe egokitu behar garela, bestela atzean geratuko ginateke eta. Bertsolaritzari zein hizkuntzari ate berriak zabaltzea ezinbestekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo