Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen «Eskerrik asko!», alaitasun eta itxaropenez
GARA | DONOSTIA
Argitaratu berri den DVDan martxoan Andoaingo Bastero antzokian grabatutako ikuskizuna, sei erreportaje, karaokerako bost abesti eta diskoko kanta guztien partiturak bildu dituzte.
Minbiziaren gaia naturaltasunez, itxaropenez eta alaitasunez landu du hirukoteak eta horren adibide da «Eskerrik Asko!» ikuskizuna. Aspanovas elkartea bidelagun izanda, orain zazpi urte hasi ziren Pirritx eta Porrotx haurrentzako ikuskizun txiki bat eskaintzen Donostia ospitalera egiten zituzten bisitetan. Hori dela-eta, Andoainen eskaini zuten emanaldia Mari Mototsen ospitaleko egonaldian oinarritzen da. Minbizia du, eta sendatzeko botikak ilea erortzea eragiten dio. Pailazoak, orduan bera bisitatzera joango dira.
Ikuskizunaz gain, DVDak material gehiago ere jasotzen du. Beste batzuen artean, «T´estimo, maite zaitut!» izenburukoan, adibidez, Lax´n´busto kataluniar taldeak Euskal Herrira eginiko bisitaren kronika bildu dute eta hain ezagun egin den «Maite zaitut» abestiaren euskarazko eta katalanezko bertsioaren bideoklipa ere erantsi dute.
Bestalde, taldeak aurreratu duenez, «Piratak» izenburupean CD bat grabatzen ari dira. Bertan, hainbat musikari, kantari eta lagunen partehartzea izan dute. Bitxiena Celtas Cortos Valladolideko taldearena izan da, «Unblenble» kantatuz.