GARA > Idatzia > > Kultura

«Ispiluaren kalteak» ipuinetan dakartza Edorta Jimenezek

Azken hamarkada luzea «Piztien Itxasoan» zehar igaro ostean, ipuin liburu bat aurkeztu digu Edorta Jimenez mundakar idazle oparoak. Urdaibai inguruan girotutako liburua da «Ispiluaren kalteak» (Elkar, 2008), zortzi istorio garaikide biltzen dituen lana.

p043_f02_097x152.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Ispiluaren kaltea» ipuin liburua aurkeztu zigun atzo Edorta Jimenezek, azken hamahiru urteetan XVI. mendeko «Piztiaren itxasoa» trilogian buru-belarri jardun ostean. Eta hitz hauekin eman dio hasiera lanaren azalpenari Xabier Mendiguren Elizegi editoreak, promozio orrian: «Plazer beti iheskorraren bilaketa, heriotzaren itzal nahi baino luzeagoa: horra gizaki guztion bizitzan agertzen diren printzipio bi, ipuin hauetan ere beti presente daudenak».

«Ispiluaren kalteak» lanak zortzi ipuin garaikide biltzen ditu. «Ez dakit gaien tratamenduan igarri dudan ala ez, baina egungo gizarteak kezkatzen nau» esan zuen Jimenezek, eta «narrazio laburrak idazteari ez diot inoiz utzi», gogoratu.

Liburuak Urdaibaiko «giro urbanoa» du kokagune. «Bazterkeria, drogak, espekulazioa, immigranteen esplotazioa eta antzekoak hartzen baditugu urbanotzat, sobera ditut etxe inguruan». Idazlearen esanetan, «egiantza eta sinesgarritasuna dira fikzioan garrantzitsuena, eta horrek kontatu gura denaren gaineko ezagutza eskatzen du». Ipuinetan benetako pertsonaia, toki eta egoerak azaltzen dira, eta «egiatik idazten duenarentzat, horiek mozorrotzea da lanik zailena». Gainera, «kontatzen dudana ez da azalean ageri den istorioa bakarrik, horren azpian doazen korronteak garrantzitsuagoak dira», azaldu du idazleak, eta «esazu jazzaren eragina dela», gaineratu.

Sexua, droga eta... boterea

Gaien artean, drogak badu tokia. «Inguruan kafea bezain arruntak dira legez kanpoko drogak» esan du idazleak, eta «ez nago horren erabilera neurrikoaren aurka, inondik ere». Sexuak ere ageri da, azken finean «edozeren % 95 sexua» delako, «eta beste bosta zer den ez dakigulako», Jimenezek dioenez. «Gure jendartean sexua zentroa da, dela praktika legez, dela ukazioa modura» esan, eta Eliza Katolikoaz akordatu da idazlea, «zelibatoaren kontuarekin». Ezaguna da Jimenezek arima kritikoa duela, boterearekiko adibidez. «Zintzotasunaren sinonimotzat dut nik boterearekiko kritikoa izatea, eta literaturaren bidez ere zirikatu beharra dugu».

Ipuinak ordenatzeko, «zeharka-meharka mundu mailako gertaeraren bat ere aipatzen da, bakoitza denbora jakin batean jartzeko».

Irakurleaz gomuta eginda, «euskal literaturak duen altxor nagusia dira» esan zuen idazleak zalantzarik barik, «multzo nagusia oso jantzia delako». 1985etik ia urtero liburu bat plazaratu, eta ia genero guztiak landu ditu Jimenezek, eta aurrerantzean ere «lekua dudan artean hemen segituko dut». Beste idazle baten hitzak ahotan hartuta, «falta den eta gustura irakurriko lukeen liburua sortu behar du idazleak», horrekin bat egiten du mundakarrak.

«Lirikoa eta gogorra, erraza edo zaila» izan, «Ispiluaren kalteak» liburuak, «bere tokia egingo duen» itxaropena du idazleak, eta «euskal literaturaren sozializazioa sendotzea» du helburu. Horretan dihardu egunero-egunero, idatzi eta idatzi, Edorta Jimenezek.

FIKZIOAN, EGIANTZA

«Fikzioan egiantza eta sinesgarritasuna da garrantzitsuena, eta horrek kontatu gura denaren gaineko ezagutza eskatzen du». «Pertsonaia, gertaera eta toki egiazkoak mozorrotzea da idazten duenarentzat lanik zailena».

Fitxa

Izenburua: `Ispiluaren kalteak´.

Egilea: Edorta Jimenez.

Argitaletxea: Elkar.

Bilduma: Literatura 280. Generoa: Ipuinak.

Orrialde kopurua: 160.

Kaleratze data: 2008ko urria.

Salneurria: 14 euro.

Mundakar ipurterrea, jende artean eroso

Atzoko aurkezpenean, Jimenezek eroso ematen zuen jende artean, literatur (lurtar eta estralurtarra) gaiak ahotan hartuta.

Idazle belaunaldi gazteen jarduna goraipatu zuen. «Aspaldi honetan zenbait ekimenetan parte hartu dut beraiekin, oso gustura gainera», Gabriel Arestiren irakurraldian, kasu. Bizkaitar sortzaileez eta bizkaieraz ere egin zuen hausnarketa. «Bizkaitarrok badugu gure zeregina, euskaldunen etorkizuna geure esku ere badagoelako» esan, eta «literaturaren pisuaren parte bat gurera ekarri behar dugu» aldarrikatzeko. Behin puntu honetan, barrerako beta ere izan genuen, mundakarra sutu egin baitzen A-8 autobidean xahututako sosez gogora-tzean. Guztion harridurarako, «behingoz ordainlekua ken dezatela» eskatu, eta «ezinbesteko zeregina» zela gaineratu zuen, elkarrengana hurbildu ahal izateko.

Gai serioagoetan ere ikuspuntu ausartak erabili zituen. Bere ipuinetan sexu indarkeria ere ageri da, «gaiak kezkatu eta gizon bezala errudun egiten nauelako». Zenbait irrati formula erantzule egin zituen, «kanta guztiak posesioari buruzkoak» direlako.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo