Ixabel Etxeberria Irakaslea
Korsikar kantuak Gernikan
Euskal Herritik kanpo hemen bizi dugun egoeraz oroitzen dira, guri begira daude eta gertatzen zaigunaren gainean interesa dute. Garenaz ere handitu nahi dutela erran digute, nahiz eta txikiak izan handiak izan gaitezkeela elkartuz
Arcusgi talde korsikarra Makean kantatzeko etorria zen Euskal Herrira. Baina, ELBko bestara joan baino lehen, bezperan, hitzordua zuten Gernikan. Gaua zen heldu zirenean, aukera gutxi Euskal Herriko bazterrak benetan ikusteko. Baina, berehala interesatuak ziren, eskolan ikasia baitzuten Gernikan gertatu zena. Zaila zitzaien pentsatzea herria suntsitua izan zela gaurko karrikak ikusita, herriko joan etorriak begiratzean. Hunkituak ziren hor izateaz. Ez zen, alta, Euskal Herrira etortzen ziren lehen aldia, baina hor giro desberdina sentitzen zuten. Zoritxarrez, publikoa ez zen hurbildu, ehun bat pertsona zeuden, batzuk nahiko haserre berandu hasi zirelako. Haatik, kantari batzuek Marseillatik hona etortzeko, egun osoa pasatua zuten autoan tenorez iristeko. Gutxieneko denbora behar zuten bozak berotzeko eta instrumentuak egokitzeko, ondorioz berandu hasi zen kontzertua. Polifonia ez baita bat-batean pizten den artea, berotze lana eskatzen baitu.
Asteburuan Korsikaren elkartasuna ekartzera etorriak ziren hain bereziak diren korsikar horiek, Frantziako botereari men egiten ez dion herriak, modu eta adierazpide originalak, nahiko ausartak, militarrak, armatuak hobeki errateko, erabiltzen dituzten herritar horiek, beti haien uhartea defenditzeko prest. Oso kritikatuak izaten dira, hain xuxen, militar itxura zabaltzen baitute, baina denek, ozenki edo isilka, aitortzen dute gaur egun betoin gehiago ez bada Korsikako itsas bazterretan, nazionalistei esker izan dela eta denek ezagutzen dute nolako praktikak erabiltzen dituzten kostaldea babesteko!
Kantaldiaren tartean Bobby Sand, Kristof, Didier ekarri dizkigute gogora, denak herri menperatuek jasan behar duten bortizkeriaren ondorioz eroriak. Gaurko Gernikan debekatuak diren solasak erabili dituzte, eroritako gazte horien oroimena goraipatu dute, hitza debekatua den herrian, izateagatik zigortua izan zen herrian. Sinbolika handia zuen kantaldiak, sentimenduz bete zuten aretoa eta bertan zeudenek plazer handiz deskubritu zuten taldea, eta beste batzuek berriz gozatu zituzten. Esperantza ekarri nahi zuten. Korsikan gazte anitz ikusi dituzte erortzen, baina beren kantuetan Euskara eta Korsikako mintzaira nahasiz, euskal kantuak korsikerara itzuliz, ezkontza berri bat, hitzarmen berriak proposatzen zituzten herri zapalduen artean etorkizun berria eraikitzeko.
ELBren aldeko kontzertuan eta Nafarroa Oinez-en hedatu dute mezu bera, borrokarako deia da, baina beren kantuetan erakusten duten estetikari, edertasunari eskaintzen dioten lehentasunak agerian uzten du ez dela indarra lehentasuna, sentimentuak eta jendearen arteko lotura baizik. EHtik kanpo hemen bizi dugun egoeraren eta gertatzen zaigunaren gainean interesa azaltzen dute. Garenaz ere handitu nahi dutela erran digute, nahiz eta txikiak izan handiak izan gaitezkeela elkartuz. Herri gutxituak hitza berreskuratzen ari dira, elkar ezagutzaren bideak zabaltzen ari dira; poesia eta kantua ez dira bide txarrenak.