GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

KIROL ESKALADA Europako Txapelketa

Patxi Usobiaga Europako txapeldun

Hilaren 15etik 18ra Paris-Bercyn jokatu den txapelketan, eibartarrak saio biribilak egin zituen. Emakumezkoetan, zailtasuneko proban, 16 urte besterik ez dituen Johanna Ernst austriarra izan zen nagusi. Emakumezko zailtasuneko erregina 16 urteko Johanna Ernst austriarra izan zen
p045_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Europako hitzordu nagusian, Patxi Usobiagak ez zuen hutsik egin. Irailean zehar azaldutako mamuak uxatu nahi zituen Europako Txapelketarekin, eta, uxatzeaz gain, horiek suntsitzea lortu zuen. Paris-Bercyn jokatutako zailtasuneko lehian eskalatzaile eibartarra onena izan zen; nesketan, berriz, aurtengo nazioarteko zirkuitu ofizialean izan den agerraldirik iraultzaileena: Johanna Ernst. Zailtasuneko lehiez gain, blokeko zein abiadurako txapelak izan ziren jokoan.

Baina, zalantzarik gabe, Usobiagak sinatu duen garrantzi handiko garaipenaren sokari heldu behar diogu. Txapelketa bikaina, are gehiago, biribila egin du. Sailkapenen txandan, adibidez, ez zen ezustekorik izan. Hori bai, oso kateatze gutxi poltsikoratu ziren (74 lehiakidek hartu zuten parte); zortzi besterik ez. Horietako top bat euskal eskalatzailearena izan zen. GARAri aitortu dionez, hasieratik indartsu aritu zen: «Oso ondo eskalatu nuen, eta horrek motibatu egin ninduen. Bidean gora nindoala nahiko sendo ikusi nuen neure burua. Oso kateatze gutxi izan ziren, eta pixka bat harritu nintzen. Horrek, jakina, finalerdietan gogor jarduteko indarra eman zidan».

Finalerdiak iritsi, eta Usobiagak berriro ere eskalada bikaina egin zuen. Finalean sartzeko dena eman beharra zegon; izan ere, finalean izan ziren zortzi lagunetik zazpik bidea kateatu zuten: «Sailkapenean bezala, finalerdietan ere indartsu sentitu nintzen eta top egin nuen».

Azken lehia, finala, larunbat arratsaldean jokatu zen, eta eibartarra izan zen onena. Oso ondo amaitu zuen, katetik pauso batera, eta indar erakustaldi bikaina egin zuen: «Oso indartsu nengoen, eta oso zaila zen mugimendu batean erori nintzen. Egia esan behar badizut, ez nintzen nekatu. Horrela bada, lasai asko baiezta dezaket txapelketa biribila egin dudala. Nazioarteko beste hitzordu handi bat irabazi dut; gero eta zerrenda luzeagoa dut. Garaipen honi esker, irailean izan nituen gorabeherak gainetik kendu ditut. Munduko Kopa irabazteko aukerarik ez dut, baina Europako Txapelketa eskuratzea lortu dut».

Usobiagaren atzetik, helduleku eskas batera, Tomas Mrazek txekiarra geratu da, eta hirugarrena Manuel Romain frantziarra izan da.

Ernst-en erabateko nagusitasuna

Nesken zailtasuneko lehian, berriz, aurtengo denboraldiko iragarpena bete egin zen. Nahiz eta 16 urte besterik ez dituen, Munduko Kopan azaldu ostean ia dena irabazi du. Johanna Ernst austriarrari buruz ari gara. Jakin badakigu, Maja Vidmar, iazko Munduko Kopako irabazle esloveniarra, min hartuta izan dela, eta lehiara nahiko berandu agertu dela.

Hala ere, Ernstek argi asko erakutsi du Vidmarrekin batera egungo lehiakide gogorrena dela. Europako Txapelketan erabateko nagusitasuna erakutsi du: sailkapeneko, finalerdiko zein finaleko bideak kateatzen bakarra izan da.

Austriar gazteak, eginiko lanari esker, txapela eraman du, eta nola eraman, gainera! Haren atzetik Vidmar geratu da eta brontzea Mina Markovic esloveniarrarentzat izan da.

Balkanetako herrialde horretako eskalatzaileak oso indartsu aritu dira; izan ere, podiumeko bigarren eta hirugarren postuez gain, laugarrena ere eskuratu dute, Natalija Grosenak hain zuzen. Euskal ordezkari bakarra Irati Anda izan genuen. Gasteiztarraren lehen Europako Txapelketa zen, oso ondo prestatu zuen, baina ez du bere maila eman. Finalerdietara oso gutxigatik sailkatu zen, eta finalera ez zen igaro. Azkenean 18. postuan geratu da: «Ez nago harro egin dudan lanarekin, baina ahal izan dudan guztia egin dut».

Zailtasuneko modalitateaz gain, blokekoa zein abiadurakoa jokatu ziren. Bulderrean, nesketan, Grosek irabazi zuen (zailtasunean 4. izan zen), zilarra Anna Stohr austriar faboritoarentzat izan zen, eta brontzea Hanna Mitboe norvegiarrarentzat. Euskal ordezkaririk ere izan genuen blokean: Esther Cruz. Ezin izan zuen gauza handirik egin, eta 31. postuan sailkatu zen. Mutiletan, bestalde, Jerome Meyer frantziarra aise gailendu zen; bigarrena Kilian Fischhuber austriarra izan zen eta hirugarrena Cedric Lachat suitzarra.

Azkenik, abiadura proban, ohi den legez, ekialdeko ordezkariak jaun eta jabe izan ziren: Edyta Ropek poloniarrak eta Sergev Abdrakhmanov errusiarrak irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo