GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Ertzaintzaren oldarraldiaren ostean

Ertzaintzaren eta EAJren jarrerak lotsa eta sumina eragin du Tolosan

Lasa eta Zabalaren senideek, Ertzaintzak atxilotutako lagunek eta makina bat herritarrek hedabideen aurrean euren sumindura agertu zuten. Gertatutakoa, «EAJren erabaki politikoa» dela adierazi eta herri honen historia ezin dela «ez isildu ez ezabatu» ohartarazi zuten.

p006_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE |

«Ez armek, ez atxiloketek ezta jazarpenak ere ez du lortuko herri honen historia isilaraztea, Lasa eta Zabalaren oroimena ezabatzea, ez eta errepresioak hil dituen gizon eta emakumeen izenak itzaltzea». Irmotasunez aritu zen atzo prentsaren aurrean Mikel Zabala, hots, Joxi Zabalaren lehengusua den eta bezperako protestan Ertzaintzak atxilotu zuen gizonetako bat.

Makina bat lagun bildu zen atzo eguerdian, Joxi Zabala eta Joxean Lasa gazteen irudien atzean, Triangulo plazan bertan egin zuten agerraldian. Sumindura eta haserrea antzeman zitekeen bertaratutakoen aurpegietan, baina argi adierazi zuen Zabalak larunbatean Ertzaintzak izan zuen jardunbidea «ez zela salbuespenezkoa izan, EAJren erabaki politikoa baizik».

Ertzaintzak, larunbatean, tolosarren aurka oldartu izanak «benetako lotsa» sentiarazi ziola nabarmendu zuen Zabalak. Ertzainek «gorrotoz jo eta gogotsu egin zuten tiro» eta sei lagun atxilotu zituela ekarri zuen gogora, horien artean Joxi Zabala eta Joxean Lasaren senide bat.

Gatibu hartutako sei lagunak aske gelditu ziren larunbat gauean. Hasiera batean, ertzainek «talde terroristako kide izatea» leporatu eta atxilotuak Madrilera eramateko asmoa agertu zuten; ondoren ordea, akusazioa aldatu eta «desordena publikoa» eta «autoritateri desobedientzia» egotzita aske utzi zituzten sei lagunak.

Herenegungo karga polizialak duela hamahiru urte, Zabala eta Lasaren gorpuak Tolosako hilerrira iritsi ziren unean, jazotako istiluak gogora ekarri zizkiela aitortu zuten tolosarrek komunikabideen aitzinean. Alta, bata zein bestea, «EAJk eta PSOEk hitzartutako akordio errepresiboaren ondorio» direla salatu zuten agerraldian bildutako tolosarrek.

Urteetan atzera eginez, GALek bi tolosar gazteak bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi zituenean, EAJ eta PSOE akordiotan zebiltzala nabarmendu zuten. «Eta orain, 25 urteren buruan, berdin dabiltza», gaitzetsi zuten.

Urkullu buru duen alderdiak PSOErekin batera Estatu espainoleko aurrekontuetarako akordioa berriki hitzartu dutela aipatu zuen eledunak. Alabaina, hitzarmenaren benetako muina bestelakoa dela deritzo, «herri honetako sektore bat desagerraraztea» dutela helburu baieztatu zuen: «Benetako akordio errepresiboa sinatu dute Urkulluk eta Zapaterok», azaldu zuen argiro tolosarrak.

PSOEren Gobernuak herri honetako milaka eta milaka lagun «eskubiderik gabe utzi» dituela salatu zuen Zabalak eta oinarrizko eskubide demokratikoak ere Euskal Herrian erabat «ukatuak» direla gogoratu zuen. Hala ere, euren kritikarik gogorrenak EAJri zuzendu zizkioten, haien arabera, alderdi hori baita eskubideen ukapen hori gauzatzen duena.

Lasa eta Zabala azken aldiz ikusi zituztenetik mende laurdena igaro dela gogoratu zuen Zabalak, eta «orduan bezala, errepresioak gogotik kolpatzen gaitu», gaineratu zuen. «Baina hemen gaude», jarraitu zuen tinko, «zutik!».

Urteak igaro arren, Lasa eta Zabalari, «Tolosako bi semeei», jazotakoa nekez ahantz dezaketela adierazi zuen Zabalak. «Itxi gabeko zauriak» direla aitortu zuen eta gorpuzkien aurkitzearekin gertatu bezala, larunbateko istiluek «zauri hori handitzen dutela» adierazi zuten. Alabaina, aurrerantzean ere errepresioari aurre egin eta erantzungo diotela berretsi zuten tolosarrek komunikabideen aurrean; errepresioak hildako pertsonak oroitzen eta errepresaliatuei elkartasuna eskaintzen jarraituko dutela adierazi zuten irmoki.

Herri honek «benetako konponbide bat» beharrezko duela gaineratu zuten agerraldian eta larunbateko mobilizazioa galarazi izanak «aterabidetik urrundu baino» ez duela egiten deitoratu zuten. Honen kontra, benetako konponbide baten aldeko lanari eutsiko diotela baieztatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo