GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Zuzenbide Estatua demokraziaren ordez

Kanada Zuzenbide Estatu bat da eta demokrazia ere bada aldi berean. Gauza biak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua, ez baitira bata bestearen sinonimo, ezta gutxiago ere. Mundu osoko demokrazia liberalen artean -demokraziaren ikuspuntu honek dituen muga soziopolitiko guztiak kontuan hartu behar badira ere- Kanada eredu hori hobekien betetzen duten lauzpabost herrialdeetako bat izango da, Suitza, Belgika, Holanda eta Europako Iparraldeko herrialdeekin lehian. Bestalde, zuzenbide estatu gisa Kanada zuzenbidea, politika eta gizartea gurutzatzen diren eremu gatazkatsu horretan herrialde benetan aurreratua da.

Nola ulertu, orduan, Iban Apaolaza Madrilera estraditatzeko erabakia? Hara, bada, kasu honetan Kanadako gorteek Zuzenbide Estatua hobetsi dute demokraziaren aurrean. Alegia, kanadar agintariek eta epaitegiek nazioarteko harremanetan lege osoa bete dute, Zuzenbide Estatu diren herrialdeen arteko lankidetza torturaren edo demokrazia ezaren gainetik jarrita. Ikuspuntu honen arabera, legea betetzeak justiziaren aurka aritzea ekar dezake, eta horren jakinaren gainean direla aritzen dira epaileak ere. Baina estatu guztiek, baita demokratikoak direnek ere, kalte hau onartzen dute, noizbait beren interesen alde egingo duelakoan edo, besterik gabe, nazioarteko statu quo-aren hobe beharrez. Aurretik beste askok eta askok bezalaxe, Kanadaren jokabideak auzi honetan zera erakusten du: kontzeptu politikoen esanahia ez dela aplikatzen diren tokiarekiko independente eta, ondorioz, arazoa ez dagoela hitzetan edo kontzeptuetan, hauek toki jakinetan duten esanahi errealean baizik.

Hartara, teoria mailan Zuzenbide Estatua demokrazia formala nazioartean bateratzeko eta garatzeko tresna gisa sortu bazen ere, mundu errealean Zuzenbide Estatuak demokrazia eza estaltzeko bitarteko gisa funtzionatzen du. Nolanahi ere, auzi honetan arazoaren konponbidea ez da ez teorikoa ez juridikoa izango, politikoa baizik. Soilik egoera hau salatzeak eta bestelako ereduak eraikitzeak ekar baitezake herrien arteko harreman justu eta bidezkoagoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo