GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko txapelketako final-hamaseirenak

Arretxe hurrengo fasera igaro da merezimendu osoz

Pilotariek joko irregularra erakutsi zuten eta azkenean aurrelariaren ofizioak irabazi zuen norgehiagoka.

ZUBIETA 16

ARRETXE II  22

Koldo AKORDARREMENTERIA | EIBAR

Aurrekariak ez ziren batere itxaropentsuak. Ostiralean, Xalak 5 tantotan utzi zuen Agirre eta, larunbatean, Larralde 3 puntutan geratu zen. Argi zegoen final-hamaseirenen bigarren txanda ez zela partiden bizitasunagatik gogoratuko. Baina aurrera jarraitu behar zen, eta atzokoan txanda bi nafarrentzat zen; Aitor Zubieta eta Iker Arretxe. Partidaren hasierak pilotazaleen amesgaizto guztiak berpiztu zituen. Izan ere, 0-12 hasi zen irabazten Arretxe. Luzaideko pilotariak joko serioa plazaratu zuen, eta tanto dotoreak burutu zituen. Bitartean, Zubieta, urduritasunaren erruz, galduta zebilen, artekariak isilik eta bertaratu zirenak azazkalak jaten. Atzokoak ez zuen itxura onik.

Lehia handiko norgehiagoka

Bi jokalariak kantxan ikuste hutsak egon zitezkeen aldeak nabarmentzen zituen. Urdinak 1,79 metro eta 79 kilo, eta gorriak 1,93 eta 93 kilo. Alde handia bi pilotarien artean.

Baina, zorionez, ez zen aurreko bi jardunaldietan gertatutakoa errepikatu. Lehen partzialaren ostean Arretxek ahulaldia jasan zuen, eta bikain aprobetxatu zuen hori Etxarriko pilotariak. Zubieta konfiantza hartuz joan zen, tanto luze eta borrokatuak jokatu zituzten, eta lehenago txapapera joaten zitzaizkion pilotak txapa gainean suertatzen ziren. Gauzak horrela lehiak erritmoa hartu zuen; artekariak berriro ere lanean hasi ziren, eta pilotazaleak pozik. 12-2ko partzial batek asko estutu zuen norgehiagoka, eta Luzaideko aurrelariak, Fernando aitaren gomendioak entzun behar izan zituen, ezbeharra ekiditeko.

Azkenean emozioa

«Bukaerarako berriro ere partiduan sartu naiz, eta hasieran atera dudan joko bera egiten saiatu naiz», esan zuen Arretxek partida bukatutakoan. Eta hala izan zen. Berriro ere sake onak atera zitzaizkion, eta konfiantzaz beteriko dejada bikainak bota zituen. Zubietak gauza gutxi egin ahal izan zuen azken erremateei erantzuteko.

«Azkenerako edozeinen aldera egin zezakeen partiduak, baina berak hobeto irakurri du bukaera, eta halaxe irabazi du», aitortu zuen Zubietak partidaren hondarrean. Atzelari nafarrak detaile dotoreak utzi zituen partiduan zehar. Kaiolan jokatzeko egokiagoak diren posturak lantzen baditu eta tantoak bukatzen ikasten badu, zer esana eman dezake etorkizunean.

Kontuak kontu, eta nahiz eta txapelketako partidarik onena ez izan, zaleak pozik geratu ziren ikusitakoarekin. Horrenbestez, Iker Arretxe hurrengo fasera pasatu da, eta bertan izango duen aurkaria ez da nolanahikoa; Pablo Berasaluze izango baitu aurrez aurre final-zotzirenetako fasean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo