GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Atutxak ez du utzi ezusterako tarterik eta hasieratik bukaerara nagusitu da finalean

Jon LEUNDA | ALTSASU

Ez zen ezusterik izan Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako finalean; Aitzol Atutxak jantzi zuen txapela, eta berarekin batera Ander Erasunek lortu zuen Bigarren Mailan aritzeko txartela.

Jende asko batu zen herenegun Altsasun, eta 500 ikusle inguru bertaratu ziren finala ikustera. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Atutxa zen faborito, eta hirugarren enborrera iristerako minutu eta erdiko abantaila zuen bere alde. Lehen kana-erdikoan jarri zen aurrena, eta azkenekora bitarte hortxe mantendu zen. Hasieran erritmo bizia jarri zuen, eta gero lortutako aldeari eustea nahikoa izan zuen txapela jantzi ahal izateko.

Bigarren posturako lehia ederra izan zen benetan. Alabaina, Erasunek lortu zuen postu hori eta heldu den urtean Bigarren Mailan arituko den. Hala ere, bigarrenetik bosgarren postura minutu bateko aldea besterik ez zen izan. Azkena Pellejero izan zen, eta hau ere lehendabiziko enborretik geratu zen postu horretan.

Azkeneko emaitzak ere ematen du pozteko arrazoia, lehen hiruretan hiru gazteenak sailkatu baitziren. Atutxak 21 urte ditu eta Erasunek, berriz, 18. Hirugarren geratu zen Mugertza III.ak 20 urte ditu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo