GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Nafarroa Oinez

«Jendeari eskertzen diogu euskararen alde gabiltzanoi laguntza ematea»

p002_f09_054x060.jpg

 
Unai Arellano
Jaso Ikastolako zuzendaria

Urte osoan Nafarroa Oinez prestatzen buru-belarri ibili eta gero azkenean iritsi zen egun handia. Datu zehatzak lortzea oso zaila dela aitortu arren, poz-pozik agertu ziren antolatzaileak Euskal Herria osotik jaira hurbildutako jendetza ikusita. Hainbat gune leporaino betetzea eta ekitaldi batzuek izandako arrakasta goraipatu zituen zuzendariak.

Eguna amaitzear dela, zein da parte-hartzeari dagokionez egiten duzuen balorazioa?

Oraindik ez daukagu kopuru zehatzik. Sarrera-lekuetan jendea sartu eta atera ibili da etengabe, eta oso zaila egiten zaigu kopurua zehaztea. Hala ere, Iruñetik eta Iruñerritik jendetza izugarria etorri dela ikusi dugu, eta poz-pozik gaude. Arrakastatsua izan da festa; guneak jendez gainezka izan dira eta, gainera, ez da aparteko arazorik izan. Beraz, gure helburuak bete direla esan dezakegu.

Zeintzuk izan dira eguneko ekitaldirik nabarmenenak?

Bigarren eta laugarren guneetako kontzertuek arrakasta handia izan dute, egun osoan jende ugari bildu baita gune horietan. Oinez tonbola ere nabarmentzekoa da, 20.000 txartel, zeuden guztiak, saldu baitira. Txahalkia eta txerrikia dastatzeko jarritako postuan ere arratsalderako amaituta zegoen txerrikia eta, beno, datu horrek ematen du izandako arrakastaren berri.

Izan al da aurtengo Nafarroa Oinez egunean zehar gertakaririk?

Laugarren gunean gertaera xelebrea izan da, erleek jende asko ziztatu baitute. Horrez gain, ibilbideak zituen bi zubiak kolapsatu egin dira arratsaldean zehar hainbat unetan, jendetza ikaragarria zela-eta. Hala ere, segurtasunaren arduradunek beste pasabide bat ireki dute eta ez da arazo larria izan. Gertaera hori ere jende asko etorri denaren seinale da.
Gure aldetik eskerrak ematen dizkiegu etorri diren guztiei. Benetan eskertzekoa da Nafarroan euskararen alde lan egiten dugunoi ematen diguten laguntza.J.M

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo