Xalbadorren egunean bertsolariaren etxola ezagutzeko aukera
Hilaren 25 eta 26an ospatuko da aurten bosgarren edizioa betetzen duen Xalbador Eguna. Urepelen kontzertuak, herri kirolak, argazki erakusketa, ibilaldi gidatua eta, nola ez, bertso bazkaria eginen dira bertsolari handia eta euskara omentzeko. Aurten, herriak lehen zuen giroa berreskuratu nahi dute eta, hori dela eta, «Xalbador eta duela 100 urteko Urepele» da egunaren leloa. Gainera, garai hartako argazki erakusketa egingo dute.Idoia ERASO | UREPELE
«Lehengo giroa nahi dugu sortu, nola zen lehen Urepeleko plazan», azaldu zuen Itxaro Bethartek. Xalbadorren Eguna antolatzeko sortu zen Deiadarra elkarteko kideak heldu den asteburuan Aldudetako haranean izango den giroaren berri eman zuen. Giroa aurtengo leloaren ispilu izatea dute helburu antolatzaileek, «Xalbador eta duela 100 urteko Urepele».
Giro hori sortzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Deiadarrak. Aurtengo berezitasunen artean mende bat duten argazkien erakusketa dago, herriko plazan izanen da igande goiz osoan zehar. «Polita izanen da, argazkiak ez dira ezagunak, etxeetan bildutakoak dira. Urepele eta Euskal Herriko ondarea dira», esan zuen Deiadarra elkarteko kideak. Oso egoera ezberdinak agertzen dira argazkietan, emakumeak errekan harrikoa egiten, ezkontzak, erromeriak, zaldiak herriko plazan...
Euskararen eguna
Xalbadorren etxola bisitatzera joateko ibilaldia ere antolatu dute igande goizerako. Bertsolaria ezagutu zuen urepeldar batek gidatuko du ibilaldia. «Paisaia zoragarria da udazkena sartzen ari den momentu honetan. Aurten lehen aldiz antolatu dugu, harriz egindako etxola arrunta da Xalbadorrena, bertsoak dira oroigarriak bertan», nabarmendu zuen Itxaro Bethartek.
«Xalbador omendu nahi dugu, eta berak nahiko lukeen bezala euskara ere omendu nahi dugu bere egunean», adierazi zuen antolatzaile urepeldarrak. «Oso egun puntuala da, urtean behin egiten duguna, hondar txiki bat itsasoan, baina azkenean beste hondar bat euskararen alde», gaineratu zuen.
Bertsozaleak erakarri nahi dituzte, noski, bertsolari handiaren egunean, baina «kultura mailan ere zabaltzea bilatzen dugu», gaineratu zuen Bethartek. Horregatik Pantxoa eta Peioren kontzertua antolatu dute herriko plazan larunbat arratserako, eta igandean ere ekitaldien aniztasuna izanen da ezaugarri nagusi. 09.30ean hasiko da Urepeleko artzainaren etxola bisitatzera joateko ibilaldia. 11.30ean Xalbadorren hilobian omenaldia eginen zaio Erramun Martikorenak kantuz lagundurik.
Herri-kirolak izango dira ondoren. Norgehiagoka eginen da Donazaharre eta Mutrikuko taldeen artean. «Gure nortasunaren parte da, eta oraingoan ere gure arbasoek egiten zuten bezala eginen dugu, zein gehiagoka», nabarmendu zuen antolatzaileak.
Gosea ongi irekia izanen da ordurako eta, Martikorenaren musikak lagunduta, bazkaria eginen da. Mahaitik altxatu gabe Jon Enbeitaren, Txomin Ezpondaren eta Andoni Egañaren bertsoak entzuteko aukera izanen da Joxemari Iriondok gidatutako gaietan. Bazkalostean haurrek beraiei egokitutako herri-kirolekin jostatzeko aukera izanen dute. Eguna osatu eta behar bezala bukatzeko, trikitilariek girotutako erromeriaren txanda etorriko da.
Ekitaldi honetara bertsozaleak erakarri nahi dituzte noski, baina «kultura mailan zabaltzea ere bilatzen dugu», azaldu zuen antolatzaileak. Horregatik ekitaldien aniztasuna izanen da ezaugarri nagusia.
Tokia: Urepeleko plaza.
Data: Urriaren 25a eta 26a.
Antolatzailea: Deiadarra.
Sarreren prezioa:
Pantxoa eta Peioren kontzertua 10 euro, eta bertso bazkaria 20 euro.