GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Inaguración del BAKH y de la euroliga en Gasteiz

Jokalariek ere festa handi horretan protagonista izan nahi dute

Baskoniaren 50.urteurrena ospatzeko, txapelketa hasteko ohorea eman dio Euroligak taldeari. Anekdota hutsa izan daiteke, baina lehen partida irabazi eta gero, Maccabik Final Fourra irabazi zuen 2005ean, Panathinaikosek 2007an eta iaz Moscuko CSKAk. Tauren urtea ote?

p008_f04.jpg

 

BASKONIA-FENERBAHCE

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Saskibaloi zaleen hiria izaki, Europako lehiaketarik garrantzitsuena Gasteizen hastea egun seinalatuaren seinale da. Honi Baskoniaren 50. urteurrena eta Bakh-en inaugurazio ekitaldia batzen badizkiogu, festa izugarria izango da Zurbaoko pabiloian ezohiko hainbat ekitaldirekin. Hala ere, lehiatzeko grina da klubaren ezaugarri nagusia, eta aurreko guztiak gutxirako balioko du taldea Fenerbahce Ulkerri irabazteko gai ez bada.

Horren jakitun, azken partidetan min hartuta izan diren Prigioni, Sergi Vidal eta Tiago Splitter kantxan izango dira ziur asko turkiarren aurka. Dusko Ivanovicek atzoko entrenamenduaren aurretik ezer iragarri nahi izan ez zuen arren, brasildarrak joka dezakeela eman zuen aditzera. «Splitter osatzen ari da eta sendatze prozesuan arazorik izan ez duenez, baliteke gaur jokatzeko moduan izatea, baina azken ordura arte ez dugun jakiterik izango».

Azken bi egunetan gainontzeko taldekideekin entrenatzerik izan ez duten arren, ziur asko Pablo Prigionik eta Sergi Vidalek parte hartuko dute. «Seguru aski gurekin egon ahal izango dira, baina argi geratu behar da ehuneko ehunean dauden jokalariak behar ditugula», azaldu zuen Baskoniaren Montenegroko entrenatzaileak.

Giricek Europara bueltan

Dena festak merezitako amaiera izan dezan prestatuta dagoela ematen du, baina horretarako jokalariek ahal duten guztia eman beharko dute, ez baita batere lan erraza izango ondo fitxatu duen Fenerbahce Ulkerri irabaztea. Turkiako ligan bere aurkari nagusia den Efes Pilseni gailendu ostean, Tanjevic historikoak zuzendutako taldeak Europan gorantz egiten jarraitu nahi du, eta horretarako etorkizun handiko gazteak eta kalitate handiko beteranoak uztartzen dituen taldea osatu du.

Iaz oso jokalari garrantzitsua izan zen arren, taldeko zuzendaritzak ez du nahi izan Willie Solomon antolatzaileak taldean jarrai zezan, eta antzera gertatu da jokoa baino izena ematen zion Kinsey Kutluay irregularrarekin. Gauzak horrela, argi zegoen perimetroa zela hobetu beharreko gunea, eta bere fitxaketa nagusia Gordon Giricek kroaziarra izan da. NBAn sei urtetan oso ondo aritu eta gero, eskoltak Europara itzultzea erabaki du eta txapelketako erasoko jokalaririk garrantzitsuenetako bat izan daiteke, Moskuko CSKAn erakutsi zuen bezala.

Beste bi fitxaketa nagusiak Italiako Air Avelino Legako ezustekoa izatera eraman zuten Marques Green eta aurretik Bruesan aritutako Devin Smith izan dira. Antolatzailea txapelketako jokalaririk txikiena da -1,65 metro neurtzen du-, baina bere bizkortasuna dela-eta oso jokalari arriskutsua da. Donostian eman ez zuen mailarekin, Smith Coppako jokalaririk onena izendatu zuten iazko neguan.

Iaztik geratu den taldearen oinarria ere ez da txantxetan hartzeko modukoa. Damir Mrsicek oso jaurtiketa onak egiten ditu kanpotik, eta Omer Onan taldearen bihotza da, defentsa eta puntuak emateko gai dena. Barrurago joanda, Preldzik hegaleko bikaina da, eta Basakek indar handia eman diezaioke taldeari.

Uztaiaren azpian, min hartuta dagoen Asiken baja oso garrantzitsua da eta, horrenbestez, Vidmar, Saas eta Erden gazteek aurrerapauso bat eman beharko dute. Aurrekoen gaztetasuna nolabait orekatzeko, Misrad Türckan beteranoa izango da Istanbuleko taldearen barruko jokoaren ardatza. Turkiarra Euroligan erreboterik gehien jaso duen jokalaria izaki, gertutik jarraitu beharko dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo