GARA > Idatzia > > Kultura

Maddalen Arzallus eta Sustrai Kolina Ipar Euskal Herrian, eta Igor Elorza Bizkaian, aurrera

Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketetako kanporaketa saioak izan dira asteburuan. Zeanurin Igor Elorza gailendu zen, eta Donibane Garazin pareko geratu ziren Sustrai Kolina eta Maddalen Arzallus.

p049_f02_97x96_2.jpg

GARA | DONIBANE GARAZI

Ipar Euskal Herriko lehen bertsolari txapelketa Donibane Garazin abiatu zen herenegun, lehen finalaurrekoarekin. Sei bertsolari izan ziren bertan lehian: Maddalen Arzallus, Sustrai Kolina, Kristiñe Txoperena, Xumai Murua, Gillen Hiribarren eta Xan Alkhat. Berrehun bertsozale baxenafar inguruk zuzenean gozatu zuen saioak ustekabe handia eman zuen, Maddalen Arzallusek eta Sustrai Kolinak puntu-kopuru bera atera zuten-eta, 336.5 puntu. Modu horretan zuzenean sailkatu dira azaroaren 15ean Donibane Lohizuneko finalerako. Kristiñe Txoperenak berriz, hirugarren eginda, Urdiñarbeko saioan parte hartzeko aukera izango du.

Hurrengo finalaurrekoa, datorren larunbatean izango da, urriaren 25ean, Lapurdiko Luhuson. Bertan izango dira Mizel Mateo, Odei Barroso, Amets Arzallus, Patxi Iriarte, Mixel Aire Xalbador eta Karlos Aizpurua.

Txapeldun ohia lehian

Bizkaiko txapelketak ere egun berean zuen saioa, Zeanurin. Bertan, aurten lehiara itzuli den Igor Elorza durangar txapeldun ohiak lortu zuen finalaurrekoetan kantatzeko saria, 424,5 puntu lortuta. Irabazleak zuzenean lortu duen saria puntuen arabera lor dezakete ondorengoek ere: Arrate Illaro (369,5), Eñaut Uruburu (367), Iker Belaustegi (361,5), Iñaki Iturriotz (359) eta Itsaso Paia (345). Saioan hirurehun bat bertsozale izan ziren, eta nabarmentzekoa da Algortako bertso eskolakoek bertaratu zituzten zaleak, Arrate Illaro eta Itsaso Paiari txalo zaparrada ederrez animatzeko.

Hurrengo kanporaketa Muskizeko Meatzari aretoan izango da datorren larunbatean, urriaren 25ean. Oihana Bartra, Jabi Olibares, Mikel Petuya, Peru Vidal, Julen Erezuma eta Ander Salaberria bertsolariek kantatuko dute bertan.

Bestalde, txapelketaren finalerako sarrerak dagoeneko salgai dira, BBKren kutxazainetan eta 944 310 310 telefonoan, bai eta txapelketan zehar izango diren kanporaketetan ere. Hitzordua abenduaren 20an izango da, Barakaldoko BEC aretoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo