GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Abiadura, rocka. Garapenaren hondamendia= AHT

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Gazteak batzen direnean musika talde bat osatzeko, hasierako helburuak mila dira eta zeharo desberdinak, baina batez ere ongi pasatzea da xede nagusia; beraz, hedonismo ukitua ezin zaie ukatu musika guztiei, ezta nihilista ikuspegia ere. Rocka jaio zenean bere estreinako doinuei inkonformismoa zerien eta horrekin batera giza aldarrikapena zein politikoa nabarmentzen zitzaizkion, baina, ororen gainetik, esaldi batekin biribiltzen du Simon Reynols idazleak rockak bere gainean izan duen kontradizioa: «Norabiderik gabeko abiaduraren kultua eta erreferenterik gabeko artifizialki eragindako sentsazioen sorkuntza».

Rock musika taldeetan ongi pasatzeak du lehentasuna, eta, horrekin batera, amorruzko soinuak hedatzea, gero, hitzetan, dena pikutara bidaltzeko gogoa, giza gorrotoa. Letra zuzenek aldarrikatzen dutena zarata, zakarkeria eta purrustada dira. Galderei hanka egin eta testu bortitz eta talka sozialaren aldekoak. John Cale abeslariak, bere gaztaroan folk musika jasangaitz eta aspergarritzat zuen, bakarrik galderak agertzen zirelako kantu haietan. Rockaren esaldirik ospetsuena, ordea, «sexua, droga eta rock and rolla» izan da.

Orokortuz, orokortzea ez izan arren lagunik zintzo eta zehatzena, musika bakoitzak bere droga duela esan daiteke. Rock musika azkarrenak estupefaziente bezala speed-a zuen. Speed hitzak ingelesez abiadura esan nahi du. Hard-corea eta bere azpigeneroko musikak abiadura izan dute helburu. Ziztu bizian jotako abestiak, kolpea kolpearen aurka abiadura basatian. Rock gau azkarrak ez dira hain fite bukatzen eta badakigu amaiera guztiek nekea dakartena, gorputzen ahidura eta gogaitzea. Gauaren barruan garela eta sustantzien jabe, zeharkaldiak liluragarrien eta miresgarrienak dira eta haren ondoren helburuen ondoeza dator, xarma haustea, edota desilusioa, ezdeuskeria. Helburu goren horien zapuztea, inbertitutako indar eta nahi guztien huskeria. Gero berriro indarrak batu eta goizeko ajeak eta ezdeuskeriak zerbait bihurtu. Aurreko gaueko ideiak berriro eraiki. Rockaren bi aurpegiak. Pertsonaren kontraesanak agerian, bere gardentasunik krudelenean. Rockeko abiadura hitza aitzakia hartuta, abiadura baten aurka egitea gogoko dut. Abiadura Handiko Trenaren kontra agertzen naiz proiektu horrek garapen ultraliberala eta kapitalista bultzatzen dituelako eta denok kontsumista bihurtzen gaituelako (Miguel Amoros). Ez ote dut inoiz tren hori hartuko!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo