Eszenak
Gaueko irekiera jaialdiaren ostean, BADek dantzaz eta antzerkiz beteko du Bilbo
GARA | BILBO
Pre-BAD izenez ezagutzen denak giroa prestatu ondoren, gaur gauean Guggenheim museoan egingo den irekiera jaialdiak BADen ate nagusiak irekiko ditu Bilbora hurbiltzen den edonorentzat. Horren aurretik, ikuskizun bakarra geratzen da gaurko, Legaleon eta L'alakran taldeek La Merced-en egingo duten «El silencio de las Xigulas».
Bihar hainbat ikuskizun egongo dira, eta horien artean eduki artistikoari dagokionez, jaialdi honetako onenetako bat izango da. Louis Brouillardek, Estatu frantseseko konpainiak, «Le petit chaperon rouge» erakutsiko du La Merced-en, Estatu mailan estreinaldia dena. Jatorrizko ipuinak aldaketa sakonak izango ditu; honela hasten da antzezlana: «Bazen behin neska bat etxetik bakarrik ateratzeko baimenik ez zuena. Asper-asper eginda zegoen, ez zeukalako neba-arrebarik».
Horrez gain, Cambaloe Teatro konpainiak «Extranjeros» lana erakutsiko du Bilborocken. Antolatzaileen aburuz, antzezlan honen bidez honako paradoxa hau erakutsi nahi da: ez dela atzerritarra soilik erbesteko herri batean bizi dena. La Fundicion aretoan, bestalde, «Skull* cut» lana egongo da ikusgai, Concepcion Rachid Ouramdane eta Christina Rizzo sortzaileen eskutik datorren antzezlana. Azken honek nortasuna ostu dioten gizaki bakarti baten inguruko istorioa kontatzen du. Gizon bakartia, aurpegirik gabekoa ikusteko aukera.