GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

«Kika Supersorgina» agertokietan izango da Ambigu Producciones-en eskutik

GARA | IRUÑEA

«Kika Supersorgina» Knister idazle alemaniarraren liburu sorta arrakastatsua dela-eta ezagun egin den pertsonaia da, eta Ambigu Produccionesen eskutik taularatua izango da, lehendabizi. Moldaketa honen testua Maite Perez Larunbek idatzi du eta euskarako bertsioa Jon Sanchez Barradoren esku geratu da.

Zuzendariak azaldu duenaren arabera, «erronka polita izan da Kika antzerkira ekartzea. Knister-ek sortutako pertsonaia taula gainerako sortu behar izan dugu, gaur egungo haurrengana gerturatu eta gorpuztu». Pertsonaiari dagokionez, Perezek gehitu du: «Kika Supersorgina abentura komikoa eta magikoa da, pertsonaia mordoa igarotzen da taula gainetik, zein baino zein dibertigarriago eta eroagoa».

Bi zatitan banatzen da antzezlana. Lehenik eta behin, ipuinen mundua, hots, mundu fantastikoa. Bigarren zatia, ordea, eskolako giroa. Arduradunek azaldu dutenaren arabera, oso lan koloretsua da, komiki eta literatura mundutik ateratako pertsonaiak baitira. «Azken finean, sortu nahi izan duguna, familia osoak disfrutatzeko mundu magikoa, koloretsua eta dibertigarria baita», esan du zuzendariak.

Musikari dagokionez, hainbat abestik osatzen dute. Antzezlan honetarako konposatutako lanak dira, Mikel Montaner-ek sortuak. Hip-hopean oinarritzen da eta Iñaki Fortum koreografoaren kolaborazioa ere izan du.

«Kika Supersorgina» Barañaingo auditoriumean estreinatuko da igande honetan, urriaren 26a, arratsaldeko 17.30ean. Gaztelaniazko bertsioa, «Kika Superbruja», ikusteko, bestalde, askoz gehiago itxaron beharko da abenduaren 29an estreinatuko baita Iruñeko Gayarre antzokian.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo