GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Xilko ostatuaren itxiera Estatuaren «eraso estrategian» kokatu du Torrek

Baionako jaietan izandako istiluen harira, Xilko ostatua hilabetez ixtea agindu du prefetak. Leporatutakoak beste behin ere ukatu eta erabakia «gehiegikeriatzat» jo du Miguel Torre gerenteak. Neurria, Estatu frantsesaren «eraso estrategiaren baitan» hartu dela uste du.

p014_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Aurtengo bestak istilu artean amaitu ziren Baionan. Tabernek ixteko ordutegia errespetatu ez zutelakoan, Poliziak bortizki eraso egin zien goizeko ordu txikitan Xilko eta Patxa ostatuen inguruan zeuden festazaleei. Horietako hainbat zauritu zituen Poliziak eta ospitalera eraman behar izan zituzten. Gertakariak protesta ugari ekarri zituen -tartean baita hautetsi batzuena ere- eta Poliziaren jarrera «neurriz kanpokoa» izan zela salatu zuten.

Orain, prefetak Xilko hilabetez -urriaren 16tik azaroaren 16ra- ixtea agindu du. Miguel Torre gerenteak, hainbat lagun eta lekukoz inguratuta, erabakiaren berri eman zuen, atzo, ostatuaren ate itxien parean. «Gehiegikeriaren» aurrean, prefetari gutun irekia igorriko diola jakinarazi zuen.

Bertan, Estatuko ordezkariak aipatzen dituen argudioak erabat ukatu eta errefusatzen ditu, berak zuzentzen duen ostatua goizeko hiruretan itxi zela berretsiz. Horrez gain, poliziaren esanak itsu-itsuan sinestea aurpegiratzen dio, eta jasotako lekukotasunak baztertzen dituela.

«Tropak babestu»

Leporatzen dizkieten gertakarien «larritasuna» ikusita, Torrek bere harridura azaltzen dio prefetari. Bere esanetan, «hori guztia egia balitz, ez hilabeterako, betiko itxi beharko luke gure ostatua». Izan ere, polizien kontra arma gisa erabiltzeko taberna barrutik botilak banatu zirela esatera ere heldu da prefeta.

Bestalde, arauak hautsi izana hipotesitzat hartuta ere, «Polizia bidali ordez, zergatik ez den, ohi bezala, parte bat egin» galdetzen dio gutunean. Gerentearen iritziz, itxierarekin «bere tropen gehiegikeriak babestea» bilatzen du prefetak.

Jarrera «probokatzaile, ulertezin, neurrigabeko eta euskaldunak jomuga dituen» hori, egiaz «Estatu frantsesak Euskal Herriaren alde diharduen egitura eta ekimen oro kriminalizatzeko estrategia globalaren baitan» kokatzen dela uste du Torrek.

Itxierak eragingo dituen kalteak eta galerak, «batez ere soldatapekoentzat» estaltzeko irtenbide ekonomiko bat proposatzeko eskatzen dio, bide batez, Paueko prefetari.

Zigorraren aplikazioa etengo ez badu ere, Administrazio Epaitegian helegitea jartzeko asmoa du Torrek. Ironiaz, Xilko berriro irekitzean egingo duten festara «gonbidatzen» du prefeta, «indartsuarenaren argudioaz soilik hartutako neurria» bukatzen denean, beren ahaleginak bikoiztuko dituztela gaineratuta. Gutuna amaitzeko, «Baionan Xilko animazio, formazio eta erresistentziaren erreferentzi bilakatzea» dutela helburu gaineratu du.

CRS talde berria

Bestalde, gertakarien ostean jasotako elkartasun eta salaketa kopurua ikusita, CRS (Collectif pour un Retour à la Sérénité) taldea sortu berri dela jakinarazi zuten atzoko agerraldian. Biktimak, lekukoak eta haserretutako herritarrak bildu dira bertan, «egia bilatzeko, Poliziaren jokaeraren arrazoiak ulertzeko eta erantzukizunak zehazteko». Horrez gain, batzorde juridiko bat eratu dute nahi duenak salaketa jartzeko aukera izan dezan, nahiz eta jakitun diren askok beldurragatik ez dutela salaketarik ipiniko.

ZIGORGABETASUNA

CRS taldeak esan du «biktimak ez badira kontuan hartzen eta Poliziaren inpunitateak bere horretan jarraitzen badu» litekeena dela hurrengo urteko festetan «mendekurako gogoa piztea». Hori ekiditeko, «ardurak argitu daitezela» eskatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo