GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskararen alde urrats sendoa ematera deitu du aurten Kontseiluak

Duela hamar urte sortu zenean «Bai euskarari» aldarrikapenarekin jendartea euskararen aldeko jarrera hartzera bultzatu zuen bezala, aurten «Euskaraz Bai» deiarekin euskaraz %100ean aritu ahal izateko aldarrikapena egin nahi izan du Kontseiluak. Urtebetean hainbat eragilerekin bildu eta bere ekimena aurkeztu ondotik, datorren abenduaren 13an BECen euskaraz egiteko deia aho batez aldarrikatuko dela iragarri zuen atzo egindako aurkezpenean.

p016_f02_148x100.jpg

GARA |

Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluak datorren abenduaren 13an Barakaldoko BECen egingo duen ekitaldia aurkeztu zuen atzo. Aurten hamar urte bete dituen erakunde honek orain arteko jardunean urrats berri eta sendo bat eman nahi izan du; azken urte hauetan indarrean izan den «Bai Euskarari» leloa atzean utzi eta «Euskaraz Bai» deia luzatu du. Izan ere, orain arteko lana gutxietsi gabe, adierazi zutenez, «%100ean euskaraz bizi ahal izateko aukera lortu nahi badugu, beharrezkoa da urrats sendo hau ematea». Alde horretatik, BECeko ekitaldia «mugarri gisa» uler daitekeela jakinarazi zuten. Duela hamar urte «Bai Euskarari» aldarrikapen erraldoian Euskal Herriko gizarteak euskarari beharrezko babesa aitortu zion, eta oraingoan euskararen alde egotea nahikoa ez dela-eta «norbanakoen konpromisoa, soziala eta politikoa» hartzeko unea heldu dela ohartarazi zuten atzo. Ekitaldia iragartzeko atzo ezagutarazi zuten kartelean Neil Armstrong-ek ilargian utzitako lorratza ageri da, «Euskaraz Bai» leloa irudikatzen duen eguzkiaren ondoan. Kontseiluak eman nahi duen urratsa da izenburua: «Pauso bat haratago».

«Mugarri» izatea helburu izanik, aro berri baten hasiera adierazi nahi du BECeko ospakizunak. Garai berri horretan «euskararen berreskurapen prozesua indartu eta areagotzea ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen, orain arteko bilakaerarekin segituz gero normalizazioa lortzeko mendeak beharko liratekeela jakinaraziz.

Kontseiluaren helburua «euskal herritar orok euskaraz jakitea da», eta atzoko aurkezpenean argi eta garbi adierazi zuten helburu horren garrantzia: «Bi hizkuntza dituen komunitate batean norbanako guztien eskubideak ziurtatzeko eta inor baztertua izan ez dadin ezinbestekoa da biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea. Hori da bizikidetza egokirako bide bakarra». Euskal Herrian hiru hizkuntza nagusi hitz egiten direla eta errealitate horri egokitutako helburua dela gaineratu zuen.

Parte hartzeko deia

Helburu horrekin bat datozen «herritarrak, entitateak eta instituzioak bidaide» izan nahi dituela jakinarazi zuen Koldo Tellitu Kontseiluko lehendakariak, eta «helburu mardulak dituen bidaia horren ibilbidea zein izango den partekatzeko» deitu dute ekitaldia. Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek berriz, parte-hartzearen garrantzia nabarmendu zuen, «BECeko ekitaldia izango baita eman beharreko aurrera-pausoen lehen urratsa».

«Ezin ahantz dezakegu orain arte egindako lanaren uzta, baina inongo uztarik oparoena jasotzeko ezinbestekoa da helburua den eguzki horren izpiak indartzea, `Euskaraz Bai' esan eta eginez. Horregatik, BECen hasi eta datozen urteotan Kontseiluak abiaraziko duen ontzira igotzeko deia luzatu nahi diegu euskal herritar guztiei». Bidaiaren hasiera izango da, beraz, abenduaren 13ko ospakizuna.

helburua

BECen egingo den ekitaldiarekin aro berri bat hasiko da honako helburua lortzeko bidean: «Euskal Herrian hitz egiten diren hiru hizkuntza nagusien arteko bizikidetza egokia lortzeko guztiek euskaraz jakitea».

BEc-eko «Ontzia»

Abenduaren 13an Kontseiluak abiatu nahi duen bidaiarako «ontzira» igotzeko deia egin zuen atzo. Doako ekitaldia izan arren, datorren astean beharrezkoa den sarrera eskuratzeko modua iragarriko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo