GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Oihenarten olerki unibertsalak diskoan bildu ditu Berzaitzek

Arnaud Oihenart, XVII. mendeko historialari eta olerkari zuberotarraren hamasei poema erromantiko bildu ditu Pier Paul Berzaitzek bere azken diskoan. Joël Merah musikariarekin elkarlanean aritu da horretarako. Berzaitzek olerkien «unibertsaltasuna» goraipatu du.

p046_f01_152x120.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Aurretik ere, Oihenarti buruzko hitzaldiak antolatuak zirela-eta, Pier Paul Berzaitzek «Oihenart, bizi, urrats» ikusgarria sortu zuen, eta 1985ean ezagutu zituen testuekin «Arnaud d´Oihenart, Poèmes de jeunesse» diskoa egin du orain, Joël Merah musikariarekin.

«Oihenartek beste idazleei euskara hizkuntza unibertsala dela erakutsi zien, hots, euskaraz idazten ahal zela», nabarmendu zuen zuberotar kantariak. Oihenart burgesiakoa zen, eta noblezian sartu zen ezkondu orduko. «Noblezian izan arren euskara defenditu du. Garai horretan, noblezian eta burgesian gaizki ikusia zen euskaraz mintzatzea», azpimarratu zuen, olerkiekin batera, mila bat atsotitz biltzen aritu zela esanez.

Testu erromantikoak aukeratu ditu bereziki kantari zuberotarrak. Olerkariak gehienbat emakumearen gaia jorratu, eta Ronsarden erara, metafora asko baliatzen zituela azaldu zuen. «Testua Oihenartek idatzi bezala atxiki dut. Oso hiztegi aberatseko olerkiak dira. Gaur egun hitz asko galdu egin dira».

Oihenarten berezitasunen artean elizgizona ez izatea aipatzekoa da. Horrela, euskara eta Euskal Herriari buruz adierazten duen ikuspegitik kanpo, hirugarren puntu hori interesgarria iruditu zitzaiola azaldu zuen Berzaitzek. «Garai horretan elizgizonek zuten euskaraz idazten. Laikoa da, eta euskaraz idatzi duen lehenengo idazleetariko bat da», jarraitu zuen.

Diskoak, Oihenarten obra hobeto ezagutzeko aukera ematen du. «Notitia utriusque Vasconiae» lan historiografikotik kanpo, «gutxi ezagutua da Euskal Herrian. Hobekiago ezagutua da nazioartean, Japonia eta Kanadan, esaterako, bi hizkuntza horietan itzulia izan baita. Alta oso pertsona garrantzitsua da, gehien bat atsotitzen bilketan egin duen lanari begira».

Olerkien bilketa eta hautaketatik kanpo, diskoa kaleratzeko Joël Merah musikariarekin egindako lana goraipatu zuen Berzaitzek. Garazi Philantropik Orkestrako sortzailea, Joël Merah azterketa musikalen irakaslea da Baionako kontserbatorioan. «Urte bat eman dugu proiektua egiteko. Testu zaharrak dira, eta ez daude abestuak izateko eginak», azaldu zuen, Merahk. Ondorioz, musikak sortzeko instrumentalitatean ikerketa sakona bideratu zuela argitu zuen. «Horrek argitzen du zergatik kantu bakoitzarentzat unibertsoak hain ezberdinak diren», gehitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo