GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Gorka Karapeto, kalitatezko urrats sendoak emanez

p040_f02.jpg

Gorka KARAPETO, Eskalatzailea

Zientzialariek ere ez dakite zehatz-mehatz nola azaldu, baina argi dagoena zera da: Azpeitia aldean oso fenomeno berezia gertatzen ari da. Ez dakite Gipuzkoako erdi-erdian dagoelako edo Urola ibaiaren eraginpean delako, baina azpeitiarrak gora begira jartzen direnean eta ortzian diren sateliteak lerrokatzen direnean, magia etereo bat sortzen da. Eta fenomeno «paranormal» horrek oso efektu pizgarria izaten du, batez ere dirdira berezia duen eskalatzaile batengan. Di-da batean, eskalatzaile hori eraldatu egiten da, energia eta sinergia guztiak bereganatuz. Barruan sortzen duen leherketa, big-banda baino askoz ere eraginkorragoa izaten da. Duela egun gutxi berriz gertatu da efektu hori.

«Sistematik ihes» (9a) bidea kateatu du Azpeitiko «sateliteak». Berria txoko guztietara barreiatu da; denen ahotan bolo-bolo dabil. Bai, Gorka Karapetok «Sistematik ihes» bidea kateatu du. Pasa den hilak 17an Ekaitz Maizek Aizpunen zabaldutako bidea kateatu du. Maizek berak, 9a zailtasuna proposatu zuen bidearentzat lehen igoera egin ostean. Lehen errepikapena egin duena Karapeto izan da, eta bide honi esker sartu da bederatzigarren graduan.

Ezagutzen zaituenak jakin badaki bide oso gogor bat aukeratzen duzunean hautu hori irizpide sendoetan oinarrituta dagoela. Kasu honetan esan genezake «Sistematik ihes» bideak esanahi berezia duela?

Ez da aukeraketa soil bat izan, suertatu den egoera bat baizik. Graduari begiratzen badiogu, 9a bat da, baina zailtasun gordinak ez nau itsutzen. Ez da aldez aurretik planifikatutako jardun bat, ez zegoen nire erronken artean; banituen datorren urterako beste hainbat 9a buruan. Aldiz, «Sistematik ihes» hor zegoen, Aizpunen. Kasualitate hutsa izan da. Ekaitzek (Maiz) ekipatu zuen, probatu eta gustatu zitzaion. Aizpunen beste bide batzuk ere badaude, eta horietako batzuk jadanik kateatu ditut. Azkenean, Ekaitzek bultzatuta-edo, probatu nuen, niri ere gustatu zitzaidan eta azkenean bere sarean harrapatu ninduen.

Ekaitzek bide horrekin zuen ilusioak erabat poztu ninduen. Berak prestatu, probatu, gustatu eta lehen errepikapena egiteak egundoko indarra eta motibazioa eman zizkidan. Ekaitzengatik asko poztu nintzen. Bide horretan partekatu dugun esperientzia harrigarria izan da!

Hala ere, aldez aurretik «Il domini» (9a, Baltzola) bezalako bide bat buruan zenuen.

Hala da, baina egun Baltzolara joateko gogo handirik ez dut. Gainera, bide hori buruan badut, baina beste une baterako. Egia esan, une honetan ez nau erakartzen. Horretaz gain, nire sokalagunek Nafarroako eskoletara gehiago jotzen dute: Etxauri, Lezaia, Aizpun... Eta, jakina, horri ezin diot muzin egin.

Nolako harremana izan duzu «Sistematik ihes» bidearekin?

Inolako zalantzarik gabe, ona. Ondoko beste marra bat probatzen ari nintzela, «Sistematik ihes» bidean saialditxoren bat egitea otu zitzaidan. Ekaitzek mugimendu garrantzitsuenak nolakoak ziren aipatu zizkidan. Probatu eta mugimendu horiek nahiko ondo gainditu nituen. Hala ere, Ekaitz eta biok ez dugu garaiera bera, eta, ondorioz, pausu batzuk ezberdin egin behar izan nituen. Helduleku berak erabili ditut, baina oinak ez. Saio bat eta beste bat egiten hasi eta, azkenean, bidera iraunkortasun gehiagorekin agertzen hasi nintzen. Azkenean, hiru asteko hamalau saiotan atera dut; sei egunetan zehazki.

Beste eskalatzaile batzuekin alderatuta, jakin badakigu bide gogorrei saioak kendu nahi dizkiozula; ahalik eta «pege» gutxienetan egin nahi dituzu bideak.

Hori da, baina ñabardura bat aipatuko nuke: hori niretzako ez da ezinbestekoa. Jakina, beste hainbatek bezala, bidea ahalik eta saio gutxienetan egitea gustuko dut eta horretan saiatzen naiz. Ondo ateratzen bazait, primeran, baina alderantziz gertatzen bada ez dut nire burua matxakatzen. Saio asko eskatzen dizkidala ikusiz gero, erronka utzi eta beste bide bat aukeratzen dut. Finean, disfrutatzera joaten naiz. Batzuek, bide bat asimilatu arte jo eta ke jarduten dute; niri, aldiz, dudak tartean direla eskalatzea gustatzen zait.

Zer nabarmenduko zenuke kateatu berriz duzun bideaz?

Orain gutxi Ekaitzek berak orrialde hauetan bidearen nondik norakoak aipatu zituen. Niretzat zailena atseden lekura sartu aurrekoa izan da; zati intentsoena izan da. Neure burua ezagututa, jakin banekien zati horretan akatsik ez izatekotan bidea kateatuko nuela. Eta hala gertatu da.

Zailtasun handiko bide hau igo eta oinak lurrean jarri bezain pronto, zein izan zen zure lehen hausnarketa?

Pozik nengoen, besteak beste, aurreko egunean pausu txepel batean erori ostean, zintzilikatu eta jarraian bidea kateraino igo bainuen -hirugarren txapan jausi zen hezea zegoelako-. Oso ondo eskalatu nuen. Ondoren, beste bi saio egin nituen, baina kosta egin zitzaidan. Haatik, banekien poltsikoan nuela. Biharamunean berriro bidearen sarreran aurkeztu eta lehen saioan kateatu nuen. Berehala konturatu nintzen oso bide gogorra sinatu nuela. Beste bide batzuk ere, oso gogorrak izan arren, askoz ere erosoago egin nituen. Indartsu nengoen; izan ere, «Sistematik ihes» igo eta jarraian ondoan dagoen «Pistolaren mintzoa» (8c+) kateatu nuen.

Hamar egun igaro dira dagoeneko. Orain beste ikuspegi batekin aztertzen al duzu lortutakoa?

«Sistematik ihes» bezalako bide bat eskalatzeak motibazioa indartzeko balio izan dit. Modu berean eskalatzen jarraituko dut; argi dut, gainera, urtea amaitzeko falta diren bi hilabeteotan bide gogorrak eskalatzen jarraituko dudala. Eskaladaren inguruan dudan ikuspegia ez da aldatu, baina konturatu naiz hor goian, maila goren horretan, sartu naizela.

Oraindik ez dugu «Sistematik ihes» bidearen zailtasunari buruz hitz egin. Lehen kateatzeaileak, Ekaitz Maizek, 9a proposatu zuen. Zein da zure iritzia?

Ez dakit. Ekaitzek nik baino eskarmentu gehiago du, besteak beste 9a zailtasuneko beste bide bat duelako («Begi puntuan», Etxauri); gainera, bide horren errepikatzaileek iritzi bera dute. Nik, aldiz, ez dut erreferentziarik. Balorazioa aurten egin dudana oinarri hartuta egiten dut: 8c eta 8c+ zailtasuneko hainbat eta hainbat bide oso saio gutxi eginda eskalatu ditut. Hiru, lau edo bost pege izan dira. «Sistematik ihes» bidean egindako saioei baino izandako sentsazioei erreparatzen diet. Argi daukat 8c+ baino gogorragoa dela.

9a zailtasunean erreferentziarik ez duzu, baina «Tas-Tas» (8c+/9a, Baltzola; batzuentzat 9a) egina duzu. «Il domani» bidea ere ondo ezagutzen duzu.

«Tas-Tas» asko kostatu zitzaidan eta ordutik hona ez dut hain proiektu gogorrik izan. «Tas-Tas» orain lau urte egin nuen, eta egun indartsuago nago. «Il domani» beste kontu bat da; gogorragoa dela ziurta dezaket.

«Tas-Tas» kateatu ostean inguruko jende guztiearen aldetik behin eta berriz honako galdera hau entzun behar izan duzu: noizko 9a bat? Baton batzuk esan dezakete kostatu egin zaizula, zer erantzungo zenieke?

Kontua da eskalatzaile asko zenbakiarekin erabat itsututa daudela. Ni ez naiz 9a baten bila joan, bederen ez itsu-itsuan; une aproposa behar dut horretarako. Nahiago dut ondo pasa eta bide gogorrak saio gutxiagotan edo bistaz eskalatzea. Jendea ez da ohartu aurten, adibidez, makina bat 8c oso saio gutxitan egin ditudala... Nik, jakina, 9a zailtasunari garrantzia ematen diot, baina ez naiz itsutzen. «Sistematik ihes» kateatu dut, eta kito. Nire ibilbidearen barruan beste urrats edo pasadizo bat izan da.

Andoni Arabaolaza

Eguzki sistematik ihes egin duen sateliteari!

A ze urtea daramazun, txo! Furgonetari GPS-a jarri zenionetik ez dago mendean hartuko ez duzun erronkarik. Eta azken hau kristorena izan da; daramazun urteari ginga jartzeko modukoa. Eta oraindik urrian gaude!

Andaluzian sukaldatzen hasi zenuen urtea, eta argi utzi duzu zeurea eskalatzea dela; Aizpungo basurdeak bezain bizirik baitaude Azpeitiko bakailaoak (kar, kar). Baina badakigu egin ditugun apustuekin nahikoa lan jarri diogula elkarri, eta datozen erronkak, tamainakoak izanda ere, ez dezagun ahaztu bakailaoa sutan eta zulagailuaren bateria kargatzen jartzea direla.

Lerro hauek idazterakoan, duela urte batzuetako izenburu bat datorkit gogora: «Kidetasunaren balio erantsia». Oraingoan ere ildo horretatik joko dut, ze nik uste dut janari goxoa bezala, pareta onenak ere konpainia onean hobeki dastatzen direla. Eta «Sistematik ihes» Aizpungo plater goxoenetakoa dela esan dezakegun bezala, Gorka horrelako bide bati ekiteko sokalagun aproposena da.

Zure eskalada estilo partikularrarekin erakustaldiak ikustera ohitu gaituzu. Azkeneko honekin inoiz baino gogotsuago ikusi zaitut, eta barruan daramazun guztia emateko benetako gogoz jardun duzu: ikusgarria! Beno, azkenik esan behar dizut plazer bat dela zu eskalatzen ikustea eta elkarri emateko daukagun soka oso luzea dela.

Segi horrela lagun, zorionak bihotz-bihotzez eta eman egurre!

Ekaitz MAIZ

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo