Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria
Software librea: Administrazioaren ardura?
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT), oro har, ordenagailuarekin eta sarearekin lotura duen eremuak, herritarron bizitzan parte aktiboa hartzen du. Eta herritarrontzat aldaketa handi bat ekarri badu, pentsa zein den Administrazioan, bere osotasunean, IKTek jokatzen duten papera. Eta horrexegatik, hain zuzen, Administrazioa IKT erabiltzaile edota kontsumitzaile garrantzitsuenetakoa da: dituen ardura, gaitasun eta baliabideengatik eta kudeatzen eta prozesatzen duen informazio kopuruagatik ere. Eta, beraz, IKTen baitan, Administrazioa software edota programa informatikoen kontsumitzaile nagusia ere bada. Eremu horretan ere, ordea, Administrazioak herritarrongan duen ardura albo batera utzi eta enpresa multinazionalen aldeko neurriak hartzen ditu, izan lege edota marketin kanpaina garestien bitartez. Esan daiteke, beraz, Administrazioak softwarearen munduan ere ez dituela bere ardurak betetzen? Edota, hobeto esanda, pentsatu behar dugu tokian tokiko Administrazioak softwarearen munduan ere bere interes propioak defendatzen dituen neurriak hartzen dituela?
Berez, softwarearen sektorean estatuek modu inpartzialean jokatzen dutela pentsatu nahi izaten dugu. Ez dirudi estatuek softwarearen sektoreko negozio-eredu batzuk besteen aurrean hobesten dituztenik, ezta enpresa batzuei gainontzekoei baino erraztasun gehiago eskaintzen dizkietenik ere. Baina egoera erreala aztertzean, inpartzialtasun hori desagertu egiten da, begirada bakar batean. Funtsean estatuak dira softwarearen sektorean negozio-ereduak iradokitzen dituztenak edota, gutxienez, batzuei besteei baino abantaila gehiago eskaintzen dizkietenak. Eta, beraz, iradokitze horren ondorioz, estatuak dira, Administrazioaren bitartez, sektore informatikoaren egitura definitzen dutenak. Beraiek dira sektore horretan enpresa mota batzuk eroso eta beste batzuk deseroso kokatzen dituztenak.
Eta nola egiten dute hori? Egun, estatuek, besteren artean, badute funtzio garrantzitsu bat: funtzio legegilea. Estatuek ezartzen dituzte, demokratikoki edo ez, denok jokatzen dugun jokoaren arauak. Eta estatuak, ustez, joko-arau horiek betearazteko arduradunak ere badira. Softwarearen kasuan, «jabetza intelektualaren» edo egile eskubideen eta patenteen bitartez egiten dute. Joko-arau hauek existituko ez balira, software erabiltzaileok gure programak erabili eta kopiatu ahal izango genituzke, inongo mugarik gabe. Egun mugak ditugu. Ezin dugu, ustez, duguna kopiatu. Ezin diogu bizilagunari eskaini, berak ere izan dezan. Eta honek ez du inongo zentzurik: ez elkartasun baliorik ezta askatasun printzipioaren bermerik ere.
Estatuek eta, beraz, Administrazioak, herritarrenganako bere ardurak bete egin behar dituzte. Softwarearen mundua termino teknikoetan aztertu eta herritarren behar teknologikoetara egokitzen den softwaregintza erabili eta sustatu behar du. Eta ez dago ezer asmatu beharrik. Azterketa asko egin dira jada. Europako Batzordeak berak txosten bat baino gehiago kaleratu ditu, non Administrazioan software librearen aldeko hautua egiten duen (hona bat: http://ec.europa.eu/enterprise/ict/ policy/doc/2006-11-20-flossimpact.pdf).
Arrazoi ugari eman daitezke software librea erabili eta sustatzea Administrazio ororen ardura dela baieztatzeko. Batetik, herritarren datu pertsonalen konfidentzialtasuna eta segurtasuna dago. Administrazioak, bere kudeaketa sistemen eta gordetzen dituen datuen segurtasuna bermatzeko, ezinbestekoa du erabiltzen dituen programa informatikoen iturburu kodea aztertu ahal izatea. Administrazioak berak erabiltzen dituen programek zehazki zer egiten duten jakiteko aukera izan behar du, eta horretarako iturburu kodeak irekia izan behar du. Bestetik, eta berriz ere herritarron datu pertsonalen segurtasunari helduz, datu horien guztien iraunkortasuna bermatzea ezinbestekoa da. Alegia, kode itxiko programak erabiltzean, Administrazioa software hornitzailea den enpresarekiko mendekoa da eta, beraz, Administrazioak ez du independentzia teknologikorik, ezta enpresaz aldatzeko aukerarik ere. Egoera horretan, zer suposatzen da, enpresa hornitzaile horrek betirako iraun behar duela? Edota enpresa hori ixten denean gure datu pertsonalak irakurgaitzak bilakatuko direla? Herritarron datuek ez dute iraungitze datarik, eta horrek Administrazioaren independentzia teknologikoa derrigorrezko auzi bilakatzen du.
Bestetik, software librea erabiltzea tokian tokiko berrikuntza teknologikoaren aldeko hautua egitea da. Horrek, besteak beste, teknologia berrietan adituak izango diren profesionalen prestakuntza eta enplegu berrien sorrera ekarriko du berekin. Are gehiago. Egiten den garapena, sortzen diren programa informatiko berriak, alegia, beste erakunde zein herrialde batzuetan erabili ahal izango dira. Software libreak beraz, elkartasun balioa eta askatasun printzipioa oinarri eta helburutzat hartzen ditu.
Eta arrazoien zerrendarekin jarrai genezake, luze. Hori guztia IKTen erabiltzaile soilentzat, urrutiko kontua izan daiteke. Baita, beharbada, txantxetarako kontua ere. Baina gure diruarekin, gure datuekin, gure etorkizunarekin, gure eskubideekin eta gure askatasunarekin jokatzen dute. Eta egon ziur: herritarren presio artikulatuarekin soilik aldatuko dituzte jokoaren arauak. Frederick Douglass-ek argi esan zuen: «Botereak ez du exijitzen ez zaion ezer ematen».
Hego Euskal Herrian gai honen inguruan sentsibilizatuak dauden zenbait pertsonak iniziatiba bat jarri dute martxan: http://www.softwarelibreanahidugu.org/. Atxikimendua norbanakoa edo taldekakoa izan daiteke. Zu izan zaitezke hurrengoa.