Idurre Bera Oiartzungo Udaleko hautetsia
Oiartzunen ere demokrazia zero!
Espainiar eta frantziar estatuek euskal herritarroi beren legediak inposatu eta ezartzen dizkigute: Alderdien Legea da adibideetako bat. Lege horretaz baliatuz eta demokraziaren izenean, hauteskundeetan herriak aukeratutako zinegotziei zilegitasuna kendu nahi diete herritarren borondateari muzin eginez; ez al da, bada, herritarren borondatea, hain zuzen ere, hainbeste aipatzen den demokraziaren oinarria?
Euskal Herriak eta euskal herritarrok pairatzen dugun jazarpena eta salbuespen egoera izugarria da eta Alderdien Legea, esan bezala, adibide bat gehiago besterik ez da; ezker abertzalea eta bere proiektua egungo marko politikotik eta instituzioetatik desagerrarazteko tresna bat gehiago besterik ez da.
Baina noski, lege horrek dituen helburuak betetzeko ezinbestekoa da PNVren laguntza, baita, PNVrekin batera alderdi-interesen atzean ezkutatuta, egoera baliatzen duten beste alderdien laguntza ere.
Aipatutako salbuespen egoera eta demokrazia falta salatzeko, ezker abertzaleak mozio bat aurkeztu zuen Euskal Herriko udaletan, baita Oiartzunen ere; mozio horiek eztabaidatu eta egoera honen aurrean konpromisoak hartzeko. Baina ezin! Oiartzunen ezin izan zen deus ere eztabaidatu, pleno hartara Oiartzun Bai (OB) eta Ezker Batuko (EB) ordezkaririk ez zelako agertu, ez mozioa bera ez eta beste puntuak lantzera ere.
Funtsean, mozioak herritarren borondateari aitortzen dio zilegitasuna eta, lege inposatuen gainetik, hautetsiok borondate hori errespetarazteko dugun betebeharra azpimarratzen du. Dirudienez, ezinbesteko oinarri eta printzipio demokratikoa den ideia hau eztabaidatu eta onartzeko arazoak dituzte, eta hala bada... berriz ere agerian geratzen da OB (PNV eta EAko kideek osatutako koalizioa) eta EB alderdietako kideen borondate falta denon eskubide zibil eta politikoak bermatze aldera, urratsak emateko herritik bertatik hasita.
Beno, barkatu. Urratsak eman, eman dituzte. Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa Ibarretxeren kontsultak konponduko duela «saldu» eta protagonismoa bilatu nahian Madrildik iritsitako debekuaren aurrean haserrea adierazten saiatzen diren bitartean, PNV lanean aritu da zintzo arraio. Hori uler daiteke behintzat aste honetako egunkarietako titularrak irakurrita; PSOEk eta PNVk ezkutuan gordeko omen dituzte euren itunaren zehaztasunak. Baina zein zehaztasun? Hemen agerian geratu den zehaztasun bakarra da beste behin ere PNV Espainiako Gobernuaren eskutik helduta joango dela behar duen guztietan (aurrekontuak, AHT, debekuak...). Hori da Euskal Herriari eskaintzen diotena. Beti ere, bere alderdi interesak defendatzeko noski. Baina noiz iritsiko da bestelako interesak alde batera utzi eta Euskal Herri osoaren eta euskal herritar guztien interesak zintzoki defendatzeko unea?