Urriko astelehen berezia hartuko du gaur Gernikak
Gaur ospatuko dute Gernikan Urriko Azken Asteleheneko azoka berezia. Bertan, goizean goiz hasi eta eguerdira bitarte denetariko produktuak bilduko dituzten 252 postu izango dira herriko hainbat kaletan zehar. Bestetik, Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta egingo dute eguerdian, horrek baserritarren geroa «izugarri kaltetzen duelako».GARA |
Beste urte batez Urriko Azken Asteleheneko azoka ospatuko dute gaur Gernikan. Antolatzaileek aurreikusitakoaren arabera, gainera, 120.000 bisitari eta gehiago inguratuko dira. Horien guztien gozagarri 252 erakusmahai egongo dira, herriko lau kaletan kokatuta. Azken urteotako ohiturari jarraituz, nekazaritza produkturik onenen artean 3.000 euro banatuko dituzte eta sari horiek sei kategoria ezberdinetan banatuko dira, hain zuzen ere, milalore edo txilar eztiak, barazkiak, frutak, lore eta landareak, gaztak eta txakolinak sarituko dituzte.
Goizeko bederatzietan hasi eta eguerdiko hirurak arte egongo dira azokako salmahaiak. Eskulangintzako eta denetariko produktuak biltzen dituzten postuak Pasealekuan jarriko dituzte. Industria kalean, berriz, gazta eta euskal ogien mahaiak egongo dira, nahiz eta txokolatez atondutako mahairik ere izango den bertan. Artekaleko protagonista nagusiak, berriz, txakolina eta sagardoa izango dira. Juan Calzada kalean aurkituko dira bestetik, barazkiak, eztiak, kontserbak, lore eta landareak eta makineria. Azkenik, Urtarrilaren Zortzia kalea soilik frutaz osatutako postuek hartuko dute.
Bestetik, Idiazabal jatorriko gaztaren lehiaketa izango da Gernikako azokan. Dastatze lanetarako, sukaldaritzako aurpegi ezagunez osatutako epaimahaia izango da. Beste batzuen artean, Daniel Garcia, Jose Miguel Olazabalaga, Beñat Hormaetxea, Josean Martinez Alija, Ricardo Perez, Aitor Elizegi, Javier Garcia, Iñigo Ordorika edo Eneko Atxa izango dira.
Bestetik, sei egunetan zehar egingo da Urriko Azken Asteleheneko azokari lotutako idi-proba txapelketa, hain zuzen ere, atzo hasi eta azaroaren 3a bitartean. Lehiaketa hau, bestalde, Bizkaiko Txapelketarako puntuagarria izango da.
Denetara 27 uztarrik parte hartuko dute, Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitakoak. Besteak beste, Bermeo, Urretxu edota Elgoibartik inguratuko dira. Gaur arratsaldean bertan lehiatuko dira, 18.00etatik aurrera, Izeta, Artola, Telleria eta Uzkudunen idiak Lorategietako probalekuan. Iluntzean, berriz, 21.00etatik aurrera, Rafa Illarreta, Aboruza, Fantxilaberri eta Bizkizen idien txanda izango da.
Idi-proben lehiaketan lehen postua lortzen dutenentzat, dirusaria eta irabazle mantak izango dira sariak. Bigarren eta hirugarren sailkatuek, berriz, 1.390 eta 1.290 eroko dirusariak eta garaikurrak eramango dituzte etxera.
Baserritarren alde
«Jai eguna izanda eta jende ugari elkartuko dela aprobetxatuta» Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta antolatu dute gernikarrek egun horretarako.
Haien hitzetan, urriaren amaierako azokan bertan biltzen diren baserritar asko eta askori «AHTk kalte ikaragarria egingo die beren lurretan». Horregatik, 13.00etan bilduko dira Merkurio plazan, Gazta Lehiaketa egingo duten leku berean, «Baserriak bizirik!» lelopean.
Idiazabal jatorriko Gazta Lehiaketa izango da goizean. Irabazlea hautatzeko epaimahaia sukaldaritzako aurpegi ezagunez osatuta egongo da.