HARRI-JASOTZEA - Harri txikien finala
Irigoien jaun eta jabe izan da lehen txandatik azkenekora
Errezildarra zen garaipena erdiesteko faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Ostolatzaren atzetik aritu zen lanean, eta horrek lehiaketa kontrolpean edukitzeko parada eman zion.
Jon LEUNDA | ARRIGORRIAGA
Ez zen ezusterik izan, eta Aimar Irigoienek erraz lortu zuen atzo Arrigorriagan Euskal Herriko harri txikien txapela. Errezildarra zen faboritoa, eta sei jasoalditako aldea kendu zion Joseba Ostolatzari, berari aurre egin ziezaiokeen bakarrari.
Kirolari bakoitzak lau harri izan zituen lanerako. 125 kiloko errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 112,5 kilotako kubikoa eta 100 kiloko bola. Bakoitzarekin hiruna minutuko txandak egin behar izan zituzten. Jendeak, berriz, ez zion erantzun handirik eman.
Errektangularrarekin hasi ziren lanean, eta Ostolatza izan zen plazaratzen lehena. Zestoarrak 30 jasoaldi eman zizkion. Atzetik irten zen Irigoien, eta honek bat gehiago emanda utzi zuen saioa. Izeta IV.a izan zen plazaratzen hirugarrena, eta zarauztarrak 23 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean. Agirre izan zen irteten laugarrena, eta honek ere 23 aldiz jaso zuen. Ondoren, Izeta III.a aritu zen, eta aiarrak 26 jasoaldi eman zizkion; eta azkenik, Urrutiak, 22.
Bigarren harria zilindroa izan zen, eta berriro ere Aimarrek jasoaldi bat kendu zion Ostolatzari. Josebak 31 jasoaldi eman zizkion, eta errezildarrak, 32. Lehen postu honetarako lehiaz gain, hirugarrengorako ere izan zen lehia, Izetatarren artean, izan ere, baina osabak aldea atera zion lehen harriarekin, eta bigarrenarekin ere gauza bera egin zuen, 28 aldiz jaso baitzuen. Lehen txandan, Izeta IV.a eta Urrutia izan ziren berdinduta geratu zirenak, baina oraingoan zarauztarrak hartu zuen aldea, 25 jasoaldi eman baitzizkion, eta 22 bizkaitarrak.
Oraingoan, ordea, Urrutiak hobetu zuen bere lana, 25 aldiz jaso baitzuen, Izeta gazteak adina jasoz.
Hirugarren harriarekin, errezildarrak txapela segurtatu egin zuen. Kubikoa 23 aldiz jaso zuen, eta Ostolatzari biren aldea kendu zion. Bolaren proba osatzeko faltan, garbi zegoen txapelak leku berean jarraituko zuela.
Lan honen ostean, Izeta IV.ak bere osaba estutu nahi izan zuen, 20 jasoaldi eman baitzituen, osabak baino bi gehiago. Azkeneko postuaren lehian, berriz, Agirrek Urrutia atzean uztea lortu zuen. Bizkaitarrak 17 jasoaldi eman zizkion, eta 12 nafarrak.
Beraz, bolarekin lanean hasterako, dena erabakita zegoen, postuak ia finkatuta zeuden, eta horrelaxe izan zen. Bolari, Aimarrek 28 jasoaldi eman zizkion, Ostolatzak eta Izeta III.ak baino bi gehiago, zestoarra eta aiarra berdinduta geratu baitziren. Izeta IV.ak 22 eman zituen; 20, Agirrek; eta 19, Urrutiak.
Harri handiena
Harri-jasotzen bi txapelketa jokatzen dira, bata harri txikiena, eta bestea handiena. Atzo bertan eman zen ezagutzera harri handiena noiz eta non jokatuko den. Azpeitian izango da abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, alegia, egun horretan jai handia izaten baita Azpeitian.
Azken urte hauetan arazoak izan dira lehiaketa aurrera eramateko. Iaz, esaterako, birekin bakarrik egin zen, Irigoienekin eta Landarbiderekin, baina badirudi aurten kirolari gehiago izango direla. Iazko bi horiekin batera, Ostolatzak eta Urpek bertan izateko asmoa erakutsi omen dute, eta litekeena da besteren batek ere parte hartzea.
Harri handien lehiaketa hau ere Aimar Irigoienek irabazi zuen, eta aurtengoan ere bera izango da faboritoa. Iaz Euskal Herriko bi txapelekin amaitu zuen denboraldia, eta aurtengoan ere oso litekeena da horrela amaitzea.
Bestetik, gaur edo bihar ezagutzera emango omen du Euskal Herriko Federazioak aizkolarien Lehen Mailako finala non eta noiz jokatuko den. Arabari egokitzen zaio aurtengoa antolatzea, baina arazo asko izan dituzte aurrera eramateko. Kanporaketa abuztuan Araian jokatu zen.