GARA > Idatzia > > Kultura

Amets Arzallus eta Oihana Bartra, aurrera, Iparraldeko eta Bizkaiko bertsolari txapelketetan

Luhuson larunbatean jokatu zen kanporaketan, Amets Arzallusekin batera Karlos Aizpuruak ere Donibane Lohizuneko finalerako txartela lortu zuen. Muskizen berriz, Bartrak finalaurrekora egin du salto.

p048_f01_148_360.jpg

p048_f02_97_72.jpg

GARA | LUHUSO

Iparraldeko Bertsolari Txapelketak azken-aurreko kanporaketa izan zuen larunbatean. Bertan, Amets Arzallus, Karlos Aizpurua, Odei Barroso, Mixel Aire «Xalbador», Patxi Iriart eta Mizel Mateo izan ziren. Luhusoko erakustokia jendez gainezka zegoen, hirurehundik gora lagun bertaratu baitziren sei bertsolariek oholtza gainean eman zuten maila ona ikustera.

Espero zitekeen bezala, larunbatean Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketan Amets Arzallus izan zen garaile, 344,5 punturekin. Bigarren Karlos Aizpurua suertatu zen, puntu dezenteko aldearekin, 316,5 lortu baitzituen. Kartzelakoan egin zuen lan bikainak postu hori ziurtatuta utzi zion. Biek Donibane Lohizunen azaroaren 15ean jokatuko den finalerako txartela lortu dute horrela.

Odei Barroso, Aizpuruak baino puntu eta erdi gutxiago izan zuenez, hirugarren geratu zen. Finalerako zuzenean sailkatu ez bada ere, beste aukera bat ere izango du igande arratsaldean, izan ere, Urdiñarbeko herriko salan 17.00etan jokatuko den azken kanporaketan izango du bere maila erakusteko unea. Hortik aterako dira, hain zuzen ere, Donibane Lohizuneko finalean abestuko duten azkeneko bertsolariak. Mixel Xalbador, bestalde, ez zen sailkatu, baina txalo zaparrada beroenak berarentzat izan ziren, hainbat jarraitzaile bertan izan baitzituen. Donibane Lohizuneko finalean nortzuk egongo diren jakiteko, igandera arte itxaron beharko da. Bertan, Miren Artetxe, Ekhi Erremundegi, Eneritz Zabaleta, Egoitz Zelaia, Kristine Txoperena eta Odei Barroso nor baino nor arituko dira Urdiñarben. Bertatik aterako dira Maddalen eta Amets Arzallus, Sustrai Kolina eta Karlos Aizpuruarekin batera kantatuko duten bertsolariak.

Bartraren nagusitasuna

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketan, berriz, Oihana Bartra, Jabier Olibares, Mikel Petuya, Peru Vidal, Ander Salaberria eta Julen Erezuma izan ziren. Saioko neska bakarrak, Bartrak, lortu zuen finalaurrea jokatzeko txartela. Muskizeko saioan 402,5 puntu lortu zituen, bigarrenari alde nabarmena ateraz. Muskizen berrehundik gora lagun bildu ziren, eta zortziko txikiko ariketarekin batera giroa berotzen hasi zen. Bertsolariek bertso umoretsuak bota zituzten, eta txukun aritu ziren seiak, barre algarak eraginez.

Lan txukuna egin zuen Bartrak, saiorik osoena berea izan zen. Puntuari erantzuten nabarmendu zen gehienbat. Ariketa horretan, hain zuzen ere, Senegaldik etorritako haur baten ahotik aritu zen bertsotan. Lehen bertsoan, eskolako sentipenak kontatu zituen, hizkuntzarekin zituen gorabeherak ere aipatuz, gainera; bigarrenean, berriz, gurasoak joandakoan izandako sentimenduak azaleratu zituen. Bikain aritu zen Bartra. Igor Elorza eta Eneko Abasolo Abarkasekin, Bartra finalaurrekoan izango da. Puntuazioari dagokionez, alde nabarmena izan zen denen artean, baina bigarren sailkatuak hirugarrenari ateratakoa azpimarratzekoa da. Izan ere, Jabier Olibares izan zen bigarren, 371,5 punturekin, eta Petuya, 349 punturekin, hirugarren.

Hurrengo kanporaketa Larrabetzun jokatuko da igande arratsaldean, 17.30etan hasiko den saioan eta bertan izango dira bertsolariak Lander Ibarluzea, Miren Amuriza, Joseba Artza, Jone Uria eta Arkaitz Zipitria izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo