Xalbador hurbiletik ezagutzeko aukera, bere omenez egin bestan
Xalbador Eguna ospatu zuten atzo Urepelen, giro herrikoi eta euskaldunean. Hirurehun bat pertsona bildu ziren Erramun Martikorenaren musikak girotu zuen bazkarian. Ondoren, eta herriko frontoia gehiago betez, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Jon Enbeita eta Txomin Ezpondaren bertsoak entzun ziren. Euskal Herri osotik hurbildutako bertsozaleek giro aparta sortu zuten. Herri kirolak, bertsolariaren etxola ezagutzera joateko ibilaldia eta omenaldia ere izan ziren.Idoia ERASO | UREPELE
«Beste lotura espirituala» sentitu zuten goizean goizetik Urepeleko mendietan gora Xalbadorren etxola bisitatzera abiatu ziren bertaratutakoak. Aurten lehen aldiz Urepeleko artzainak ardiak lagun zituela ibiltzen zuen Patarramunoko borda ezagutzeko aukera izan da, Xalbador ezagutu zuen urepeldar baten gidaritzapean.
Sorogain, Ibañeta eta Argibel mendien artean, eta eguzkia lagun zutela, berrogei bat pertsona abiatu ziren mendian gora Erramun Betharten istorioak entzunez. Jakelus baserriaren ondotik pasatzean, Bethartek bertan txerria hil zuteneko pasadizo bat kontatu zien. Jakeluseko jabeak labaina sartu zion txerriari odola ateratzeko, Xalbadorrek animaliari eusten zion bitartean. Aiztoa barruraino sartu ondoren, txerriari ez zitzaion odol tanta bat ere atera eta kolpeak ematen segitzen zuen. Orduan Xalbadorrek, «ekarzak beste txerri bat, honek ez du odolik» esan zion baserriko jabeari.
Bertsolariaren alderdi gizatiarra eta hurbila ezagutzeko aukera eskaintzen du bere omenez antolatutako egunak. Aurtengo gaia «Xalbador eta duela 100 urteko Urepele» zen, eta, horren harira, azken ehun urteetako argazki erakusketa bat antolatu zuten. Bertako argazki batean bertsolaria bere familia osoarekin ikus zitekeen baserri aitzinean. Beste batean basurde baten gorpuaren ondoan agertzen zen eskopeta zintzilik zuela.
Pertsonaz gain bere obra ere ezagutzera eman zuten egunean zehar. Urtero legez, hilobiaren aitzinean omenaldia egin zioten, Erramun Martikorenak bere musikarekin laguntzen zuela. Bazkarian zehar ere Martikorenak poetaren idatzi batzuk kantatu zituen bertaratutakoen laguntzarekin. Urepelek udaberrian duen edertasunari kantatu «Primaderako» hitz hauek entzun ahal izan ziren atzo herriko frontoian: «Xoraturikan kanpoari so iragan ditut orenak, bistan nituen bizi huntako dohainikan onenak, niolarikan: Noretzat bada, gauza eder hauek denak?».
Bertsoen laztanek
«Arnasa bezala behar dut bertsoaren laztan gozoa», esan zuen Jon Enbeitak atzoko saioan. Hitz horiek berari bezala, omenduari ere egokituko zitzaizkion. Baita ere Uxue Alberdik bota zuen beste hau: «Herritik herri gabiltza afaritik bazkarira» bertsolarien bizitzari buruz mintzatzen esandakoak dira.
Bazkalondoko bertso saioaren lehen hitzak omenaldi orori dagokion bezala omenduarentzat izan ziren eta «izpirituan gure artean dagoela» gogorarazi zuten bertsolariek.
Izpiritua eta pertsona nor izan zen ez ahazteko antolatzen dela eguna baieztatu zuen herriko auzapez Mixel Ernagak «Oroimena biziki inportantea da, Xalbadorrek herria asko aipatzen zuen eta Urepele ezagutzera eman zuen, eta guk jai hau zor diogu».
«Zazpi probintzietako euskaldunak hurbiltzen dira urtero eta horrela elkar gurutzatzeko parada da. Harreman pertsonalak sortzen dira urtero», hitzekin azaldu zuen Itxaro Bethartek Aldude bailarako herrian atzo sentitzen zen giroa, «sentipena». Bethart jaia antolatzen duen Deiadarra elkarteko kidea da.
«Eguna nekaturik iragan ondoan, oheratu orduko sartu dira loan» dira atzo Martikorenaren ahotik entzun ahal izan ziren Xalbadorren hitzetako batzuk, Euskal Herriko punta guztietatik Urepelera hurbildu ziren euskaldun eta bertsozaleek sentitu zutena kantatuz.
Bertsolariaren alderdi gizatiarra eta hurbila ezagutzeko aukera eskaintzen du bere omenez antolatutako egunak. Bertsolaria bere familia osoarekin ikus zitekeen erakusketako argazki batean.