GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Laurak hiru ziren, bi

Kutxen inguruko albistea ulertzeko unibertsitate garaiko apunteak sitsen azpitik ateratzera behartu dut burua, hainbat kontzeptu freskatze aldera. Fusioa, atomo-nukleo bi batu pisu handiagoko beste bat osatzeko. Fisioa, atomo-nukleo bat bitan edo hirutan banatu. Gauzak horrela, konfusioa gaindituta, hobeto ulertzen dut kutxena zergatik den fusioa: Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa batu pisu handiagoko kutxa bat osatzeko, Arabakoa elektroi modura geratzen dela orbita propioan, eta Nafarroakoa beste galaxia batean. Txikitan esaten genuen hura gogoan: lau ebanjelistak hiru ziren, Juan eta Mateo. Tira, pisua masarekin eta grabitatearekin dago lotuta; orain ulertzen dut administrazio-kontseiluetako kideen batezbesteko masa zergatik kaletar arruntena halako bi den. Dena dela, grabitate-zentroa beheko Estatuaren hiriburuan izanda, kontuak atera zelako pisua izan dezakeen hemengo fusioak. Total, ez dakit biko ezkontza hori abiapuntua duten, noizbait hiruko izateko asmoz, edo helburua den bere horretan. Argi dagoena da inoiz ez dela laukotea izango grabitate-zentroak hango zentroan dirauen bitartean; eta zentroa hona ekarri ahal izateko lan egin behar da, eta ikasi, unibertsitatean bertan ere, patxadaz eta zaratarik gabe. Izena eta guzti jarria diote jaiotzear den kutxakume berriari: Euskadiko Aurrezki Kutxa; izenak argitzen du izana, izan geografikoa behinik behin. Tira, siglak beldurtzen nau gehien: EAK. EAJrekin nahikoa izan ez eta orain EAK! Izango al du kutxa berriak euskalduntze eta alfabetatzeko koordinadora diruz laguntzeko xedea? Ala Eusko Alderdi Keltzalea izango, Kutxa eta Lege Zaharrak ardatz? Gero EAL, EAM... etorriko dira, seguruenik; asmatu zuk zeuk horien esangura. Eta EAP ere... ez, ez da korrokadatxoaren onomatopeia, Euskadiko Aurrezkien Paradisua da, EBBko presidenteak horren abisua emana baitu euren Think Gaur zer horretan. Paradisu fiskala, baietz!, harea beltzeko hondartza amaigabeak, datil-palmondoz josia, Muskiz aldera, jendea Coke-Cole eskuan... eta Coke bakarrik oin-azpian... eta kontzertuak noiznahi, hori ere esana du. Reggae edo. Tira, fisioa ere izan genuen hemen, Estatutuak ekarria hain zuzen; Hego Euskal Herria bitan banatu zutenekoa. In memoriam. Bueltatu egin ditut apunteak, sitsei bueltatu ere, horiengan baitaukat itxaropena jarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo