GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakaslea

Krisiaz eta erein beharraz

Erabakiak di-da batean hartu behar dira. Jai dago, bestela. «Shock» egoera gizarte osora zabaltzen denean, gaixoak ez du erreakzionatzeko ahalmenik. Izua zabaltzen da

Etsipengarria. Lurrikara batek astindu du mundua. Ekonomia kapitalistaren zutabeak ikaratu dira. Sistemaren bihotza ukituta dago. «Kapitalismoa birfundatu behar da», Sarkozyren esana. Sarkozy, Europako lider berria. Ezkerra, «zer hintzen eta non hago!».

Asteotan Think tanks famatuak zorioneko daude. Aholkularitza horiek -«tanke» horiek, alegia- saturatu dituzte hedabideetako agendak euren planteamendu manikeoekin. Garaile atera dira. Jokaldi biribila burutu dute. «Krisia, krisia, krisia». Bereganatu dute planetako arreta. Dilema ere aurkeztu digute: «Laguntzak edo kaosa». Munduaren akabera? Gure dirutxoak arriskuan. Ondorioa garbia izan da: bilioika euro bankuentzat, amildegi honetara gidatu gaituzten bankari berberentzat, alegia. Inork galdetu al du nondik aterako diren dirutza horiek? Hobe esanda, nondik kenduko dituzten? Hezkuntza, Osasun sistema, gizarte-prestakuntzak... arriskuan daude. Ezkerra, «zer hintzen eta non hago!».

Shock terapia baliatu dute, berriro ere. Naomi Klein idazleak maisuki deskribatu du terapia hori bere azken liburuan («La doctrina del shock»): krisi guztietan hasierako momentuak oso garrantzitsuak dira. Erabakiak di-da batean hartu behar dira. Jai dago, bestela. Shock egoera gizarte osora zabaltzen denean, gaixoak ez du erreakzionatzeko ahalmenik. Izua zabaltzen da. Egoera horretan, gizaki orok du adituen esana sinesteko joera. Estualdietan oso eraginerrazak gara denok. Babes falta nagusi denean, aterpea bera dugu amets. Batzuen ametsa, besteen pagotxa. Adibide xume bat: Irakeko gerra. Hura mauka ederra izan da armagintzako nahiz eraikuntza alorreko enpresentzat. Suntsitu lehenengo, eraiki gero. Ehun milaka errugabe hilda. Eta?

Laissez faire delakoaren amaiera. Nicolas Sarkozyk, egun hauetan: «Merkatuaren diktadura amaitu da, Laissez faire politika alboratu behar da». Frantziako presidenteak burutu behar omen du orain «iraultza etiko eta intelektual berria!». «Lapurrak lapurrari laztan».

1929ko Depresio Handiaren ondoren, antzeko hitzak entzun ziren. John Maynard Keynes-ek laissez faire-aren amaiera iragarria zuen urte batzuk lehenago, «merkatua bera ezin baita berez erregulatu». Historia errepikatu egiten da. Baina Europan, behintzat, ezkerra out side dago, jokoz kanpo. Amerikan beste gauza bat da. Nahaspila honetan, inork ez ditu aipatu MME Munduko Merkataritza Erakundea, NDF Nazioarteko Diru Funtsa edota MB Munduko Bankua bezalako erakundeek duten erantzukizun itzela. Beraiek diseinatu, kudeatu eta inposatu dute gaur egun pairatzen ari garen politika ekonomikoa.

Euskal Herrian ezkerrak tradizio handia du, baina sakabanatuta dago. Faktore desberdinak direla medio, bataila honetatik out dago. Inkestetan, ordea, biztanleriaren gehiengoak ezkertiartzat jotzen du bere burua, baita «soilik euskal herritartzat» ere. Espektro zabala da, soziologikoki oso identifikatuta, baina gorpuztu gabe dago, artikulatu gabe, zain bezala; zergatik ez esan: bizi dugun egoerarekin nazkatuta eta etsipenetan murgilduta. EAJk bere ezkerrean ez du itzalik. Eroso bizi da.

Inertzia zaharrak alde batera uzteko garaia da. Horrelako mugimendu bat gorpuzteko dauden zailtasunak ezagunak dira. Eragozpenak identifikatuta daude. Ez da erraza izango, baina ez diezaiogun garia ereiteari utzi izurritearen beldur garelako, ogirik gabe geratuko gara eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo