Koldo Aldabe 2008-10-28
Cuevas
CEOE Espainiako enpresaburuen elkarteko lehendakari ohi eta ohorezko lehendakariak atzo azken hatsa eman eta gero, entzun direnak entzunda, badirudi ordezkatu ezinezko galera izan dela Espainian.
Gobernutik hasita, baina alderdi politiko, enpresaburuen elkarte eta sindikatu espainiarretako ordezkariek ere bai, gizon ondradu eta negoziatzailetzat aurkeztu dute Jose Maria Cuevas, eta ohorezko hitzak baino ez dituzte izan. Ongi dago. Zerraldoaren gainean lurraz gain ongarria botatzea ez dago ongi ikusia; baina gaizki esaka aritzetik negar-kantari izatera badago aldea.
1977tik Espainian egin diren lan erreforma guztien aita izan da Cuevas, eta ikusten dugu nola bizi den langilea. Suhiltzailez mozorrotutako supiztailea, gatazka sozio-laboral guztien sortzaile eta onuradun izan zen.
Nazionalista espainiar sutsua, hori bai; falangekoa. PP Gobernura eraman zuen APren birsortzearen aita pontekoa. Espainiako azken 30 urteotako historia ulertu ahal izateko figuretako bat, bai; baina ohoratzekoa?