GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

AHT eraikitzeko lanen ondorioak

Urbina, zementuak hautsi du herriaren lasaitasuna

Proiektuak manifestazio eta protesta ugari eragin ditu. Herritarrek emandako ezezkoaren gainetik, ordea, agintariek Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak hasi dituzte hainbat tokitan, Urbinan kasu. Lanek, jada suminduta zeuden herritarren aldartea kolpatu dute. Trafikoa areagotzeak, edozein ordutan egiten dituzten leherketak, Poliziaren presentziak, erabat zapuztu du herri txiki honetako bizilagunen lasaitasuna. Kaltetutako gainerako herriei ohartarazi nahi diete: «Hau jasanezina da!».

p008_f01_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Urbina Gipuzkoako mugatik gertu dagoen 140 bizilagun inguruko Arabako herri txikia da, paraje ederrekoa, ingurune paregabean kokatua... Bertan galtzea merezi duen inguru horietakoa omen zen ez hain aspaldi; azken boladan, ordea, bertako lasaitasuna bortizki apurtu da.

Trafikoa erruz ugaritu da, polizia hara eta hona dabil inguruan bizilagunak asaldatuz eta danbatekoek eguneko edozein ordutan jartzen dituzte bizilagunen kirioak dantzan. Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanen ondorio dira traba guztiak. «Herri lasaia izateari utzi diogu». Hori azaldu dute, Agustin Muiños, Eukene Morales eta Mariam Lopez urbinatarrek. Azkenaldian herrian duten egoera salatu nahi izan dute eta, bide batez, kaltetuta suertatuko diren gainerako herrietako bizilagunei ohartarazi: «Jakin dezaten zein den gure egoera; hau jasanezina da».

Urbina, inondik ere, mugarik gabe eraikitzearen adibide garbia da. Bazter ederrez inguratuta dagoen parajea izanik ere, agintariek bulegoetan egiten dituzten proiektuen jomuga bilakatu da, Eibar-Gasteiz autobidea eta Abiadura Handiko Trena igaroko baitira bere lurretatik. Baina ez hori bakarrik: «Pentsa, inguruko industrialde bat zabaldu behar dutelako hilerria ere tokiz aldatu beharrean gaude!», adierazi dute.

Autobidea eraikitzeko lanek herriko bizimoduan eraginik izan zuten, baina hori ez da alderatzekoa, bizilagunen hitzetan, Abiadura Handiko Trenaren proiektua gauzatzeko egiten ari diren obrek sortzen dituzten traba eta ezintasunekin. «Trafikoa nabarmen handitu da horrek dakarren guztiarekin. Berez, ezin dute herri erditik igaro, besteren artean, pisuaren muga gainditzen dutelako, eta beren bideak egin eta baliatu behar dituztelako; baina hori ez dute errespetatzen eta hemen dabiltza gora eta behera inguru guztiak txikituz». Herriko estoldak apurtuta daude, baita espaloi eta errepide bazterrak ere. Ohikoak diren zarata eta trabak ez ezik, herritarren bizitzan muga dira: «Haurrak lehen lasai jolasten ziren kalean, baina orain beldurra ematen du bakarrik egon daitezen, autoak eta kamioiak abiadura handian ibiltzen direlako eta edozein egunetan ezbeharren bat gertatzeko arriskua dagoelako».

Inguruak txukun mantentzen ere nahikoa lan dute. Lur asko ari dira mugitzen trenaren ibilbidea eraikitzeko eta hautsa eta lokatza barreiatzen dira herrian zehar. «Uda garaian hautsak laino modukoa osatzen zuen herrian eta arropa garbiak eskegitzea ere alferrikakoa zen». Bizilagunek behin eta berriz begiratzen dute herriaren goiko aldeko eremuari. «Tunela egiteko atera duten lurrarekin beste mendi bat ere egin digute», nabarmendu dute.

Era bortitzean kaltetzen dituzten bizilagunen kasuak ere ekarri dituzte gogora: «Bada familia bat etxerik gabe geratuko dena. Oraintxe bertan etxea obretako eremuaren barnean dago, eta sartu-irtenean aritzeko arazoak dituzte. Mehatxu ere egin diete obren atea irekita uzten badute, etxea botako dietela esanez, pentsa». Deigarria da bizilagun hauen kasua: etxea eremuaren barnean dago, eta postontzia, berriz, obra eremua ixten duen burdin hesian eskegi behar izan dute, gutunak banatzen dituenak ez baitu bertatik barrura pasatzeko modurik. Horrelako egoera sinestezinak ari dira bizitzen herrian.

Polizia kontrolak nonahi

Azken boladan gainera, Poliziaren presentzia asko ugaritu da inguruan. Elkarrizketa orduan bertan burrunbaka aritu da inguruak zaintzen zebilen helikopteroa herriaren gainean. «Horrelako zaratara jada ohitzen hasita ere bagaude», esan dute bizilagunek. Ez da, ordea, egoera batere erosoa. «Guardia Zibilaren kontrolak herriaren erdian bertan jarri dizkigute eta bizilagunei identifikatzeko eta autoa erakusteko eskatu digute; herri sarreran dagoen biribilgunean, berriz, polizia kontrolak oso maiz izaten dira».

Inguruko zelaietan ibiltzeak ere erreparoa ematen die, «edozein lekutan eta unetan ager baitaitezke, eta ez dakizu, gainera, zein aldarterekin». Eraikuntza lanen zaintzan dauden zinpeko zaindariak ere, «herrian gora eta behera» dabiltzala salatu dute: «Beraien lana obra eremua zaintzea da, baina herrian ibiltzen dira eta etxeko barandaren gainetik ere begira». Herritar asko ez daude isiltzeko, eta hori dela-eta eztabaida ugari izan dituzte jada zaindariekin.

Orain bi aste herrian bizitako «panorama» ez dute ahaztu. Estatu espainoleko Sustapen ministroa zetorrela-eta Poliziak herria hartu zuen. «Ez zen sinesteko modukoa, mota eta kolore guztietako poliziak etorri ziren, bizilagun batzuek euren etxeetara joateko modurik ez zuten izan, eta haurrek armatuta zeuden polizien paretik pasa behar izan zuten etxera iristeko», kexatu dira.

Susto andana ere jasan behar izan dute eraikitzeko lanak hasi zirenetik: «Tunelak eraikitzeko leherketa ugari egin behar izan dituzte eta egun edozein ordutan zartarazten dituzte lehergailuak, baita goizeko lauretan ere». Hasieran sirenak joz pasatzen omen zen autoa abisu emateko, baina ohitura hori ere galdu dute, nonbait, eraikitze lanetan ari direnek: «Nola emango digute abisu, eztandak edozein ordutan egiten dituzte-eta?». Herriko eraikinetan eragin ditzaketen kalteek ere arduratzen dituzte: «Guk ez dakigu esate baterako etxeen oinarriak kaltetzen ari diren, leherketak izaten direnean dardara handia sumatzen dugu eta horrek, agian, guk ikusi ezin dugun kaltea eragin dezake».

Egoera traketsean daude, eta, trena eraikiz gero, horrek eragingo dituen zaratagatik eta kalteagatik kezkatuta, baina orain artean gogor eta tinko jardun dute urbinatarrek «inposizio honen aurka» borrokan, eta aurrerantzean ere horretan jarduteko asmoa dutela ohartarazi dute: «Euskal Herrian egin behar da proiektu honen gainean Urbinan egin ez den gizarte eztabaida».

Herri kontsultak antolatzen aitzindari lanetan arituak

Urbina aitzindari izan zen Abiadura Handiko Trenaren inguruko herri kontsultak antolatzen. 2006ko uztailaren 16a egun handia izan zen kontzeju honetako bizilagunentzat. Orotara, 115 urbinatar bertaratu ziren euren boza ematera, euren ezezkoa; izan ere 108 kontrako boto eta 7 abstentzio zenbatu zituzten egun hartan. Herriaren borondatearen gainetik, baina, eraikitze lanak abiatu zituzten. Urbinako pausoei jarraiki, ondotik etorri dira gisa honetako makina bat ekimen eta guztietan emaitza bera izan da: kaltetutako herriek ez dute AHTa nahi. GARA

«Ezin da beraiekin negoziatu»

Urbinako bizilagun batzuk haserre daude Kontzejuko Administrazio Batzarrak agertu duen jarrerarekin. «Gure herria AHTren aurka agertu zen eta egungo ordezkariek negoziatu egin dute herriko lurren truke diru gehiago lortzeko». Euren iritziz, banakako lurjabeek presio handia jasaten dute eta «askok amore ematen dute etorkizuna baitaukate jokoan; baina proiektuaren aurka agertu den herri bateko ordezkariek ezin dute jarrera bera izan».

Euren esanetan, eskuratu duten diruarekin «halakoa eta bestelakoa egingo dutela agintzen» ari dira Batzarreko ordezkariak, baina promesa horiek ez dituzte asetzen, «zertarako, herria txikituko badigute?».

Hain zuzen ere, AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek aditzera eman dutenez, kontzejuetan dagoen diru eskasiaz baliatzen ari dira proiektuaren sustatzaileak, presioa areagotu eta negoziazioak azkartzeko. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo