Simone de Beauvoirreren alde feminista ezagutzeko parada
GARA |
«Bigarren Sexuari buruz betidanik jakin nahi izan duzuna» da Simone de Beauvoirren jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatzeko Baionan azaroaren 6rako antolatu den ekitaldia. Bortizkeria sexisten aurkako kolektiboak emakume filosofoaren alde feminista eta politikoa emanen du ezagutzera. Atalante zinema aretoan iluntzeko zortzietan, Pascal Fautrier idazlearekin, «Redecouvrir l'ouvre de Simone de Beauvoir» bere liburuari buruz hitz egiteko aukera izanen da.
Gaueko bederatzietan Fautrierrek Pierre Seguinekin batera egindako dokumentala eskainiko da, «Je veux tout de la vie, ou la liberté selon Simone de Beauvoir». Filmak idazle eta artista anitzen testigantzak biltzen ditu, Beauvoirren «Bigarren sexua» liburuak beraien bizitzan izan zuen eragina kontatuz, artxiboko irudiekin batera.
Bestalde, Emakumeenganako Bortizkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, azaroaren 25ean, elkarretaratzera dei egin dute Baionako herriko etxearen aitzinean. Ondoren, emagalduen egoerari buruzko hitzaldia izango da Santa Ursula gelan. Lillian Matthieu soziologoa eta emagalduekin lan egiten duten Attitude/Aide eta Simentarri elkarteetako kideek prostituzioari buruzko ikuspegiak azalduko dituzte. Matthieuk gai horren gainean egindako ikerketen ikuspegi soziala eskainiko du. Bestalde, Baionako eta Donostiako elkarteek Bidasoaren bi aldeen arteko parekotasun eta ezberdintasunen berri emango dute.