GARA > Idatzia > > Kultura

Ursuaia mendian bizi den BataKlon aharia heldu da Euskal Herriko haurren lagun egiteko

«BataKlon eta Karamelo sorgina» (Alberdania) segida izanen duen bilduma bateko lehen liburua da. Sylvet Carok idatzi du eta Marko Armspach marrazkilariak ilustratu du liburua.

p050_f01_148x80.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Nire iloben artean BataKlonen istorioek arrakasta handia izan zuten eta gero beste haurrei ere asko gustatzen zitzaizkiela ikusi nuenean argitaratzea bururatu zitzaidan», azaldu du Sylvet Caro idazleak. «BataKlon Euskal Herri osoko haurren adiskide eginen da» adierazi du istorioa frantsesetik euskarara itzuli duen Kattalin Totorikak. «Ez da liburu berri bat bakarrik heldu, baizik eta pertsonaia berri bat» iragarri du Alberdaniako arduradun Iñazio Mujikak, izan ere, liburu hau, bederen beste bost istorio bilduko dituen bilduma bateko lehena besterik ez da. Sei hilabete barru argitaratuko den bigarren istorioak aharia ilargira eramanen du.

Egitasmoaren berezitasuna nabarmentzen du Mujikak, izan ere, horrelako sailak askotan atzerrian sortu pertsonaienak izaten dira. Bestalde normalean hegotik iparrera egiten den ibilbidearen inertzia aldatu egin dela ere goraipatu zuen, horrela Ipar Euskal Herrian sortu pertsonaia hau Euskal Herri osora zabalduko da.

Erabili den euskarak pertsonaiak duen jaioterria du erakusten. «Euskarak hemengo zaporea du, baina hegoaldeko haurrei arrotza ez izatea saiatu gara» esan du Alberdaniako arduradunak. «Moldaketa egin dut haur guztiek uler dezaten Arabatik Zuberora» argitu du Kattalin Totorikak. Bestela ere, Marko Armspach irudigileak esaten duen bezala: «Irudiek hitz egiten dute eta beraien hizkuntza unibertsala da. Hiru iloba maitagarri ditut eta ipuinak kontatu nahi nizkien. BataKlon nire etxeko leihotik ikusten nuenarekin jaio zen. Nire iloba handienaren ilauna hartu nuen protagonista».

Euskal Herriaren bihotzean dagoen Ursuia mendian bizi da BataKlon. Ahariaren etxe ikusezina den Kuxku Jainkotegiaren ondoan elkartu ziren istorioaren hitzak eta irudiak sortu zituzten Sylvet Caro eta Marko. «Elkarrekin igo ginen Ursuia mendira eta handik Irun, Getaria eta Uztaritz ikusten dira. Giro ezin hobe horretan ginenean Sylvetek bere istorioak kontatu zizkidan» agertzen du marrazkilariak. BataKlon lagun zutela liburu bildumaren abenturari elkarrekin heltzea erabaki zuten bi artistek.

BataKlonen mundua sorginez, maitagarriz eta fantasiazko pertsonaiez betea dago. Oraingoan Karamelo sorgina izanen du bidelagun. Aztitza Maisu azti gaztearen aprendiza da BataKlon eta beraien etxe ikustezinetik, lupa handi batekin, Herri Beherean, gizakien artean gertatzen dena ikusten du. «Bihozduna, sineskorra, txoriburua eta indartsua ere bada» adjetiboekin definitu zuen sortzaileak bere protagonista. Ahari ursuiarraren unibertsoa ezagutarazteko, Markok eskoletan lantzeko zenbait material sortu du. Frantsesez ere argitaratuko dira BataKlonen istorioak Le Petit Lutin argitaletxearen eskutik.

URSUIA MENDIA

Euskal Herriaren bihotzean dagoen Ursuia mendian bizi da BataKlon. Ahariaren etxe ikusezina den Kuxku Jainkotegiaren ondoan elkartu ziren istorioaren hizak eta irudiak sortu zituzten Sylvet Caro eta Marko.

Fitxa

Izenburua: «BataKlon eta Karamelo sorgina»

Argitaletxea: Alberdania.

Laguntzaileak: Euskal Kultur Erakundea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila.

Liburuaren prezioa:

14 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo