Armada britainiarraren aurka protesta baketsua egin nahi du Sinn Feinek
Armada britainiarrak desfilea egingo du gaur Belfasten, eta, horren aurrean, protestara dei egin du Sinn Feinek. Mobilizazioa bakezkoa izango dela nabarmendu du alderdi errepublikanoak. Armadak paramilitar loialistekin izandako loturak salatuko ditu Sinn Feinek.
GARA |
Iraken eta Afganistanen egondako militar britainiarrei Belfasten gaur egingo dioten harrera ekitaldiaren aurrean protesta egiteko eskubidea nabarmendu du Sinn Fein alderdiak, eta, horregatik, mobilizazioa baketsua izango dela iragarri du.
Horretarako, manifestazioaren ibilbidea eta abiapuntua aldatu ditu, Armadaren desfilearekin bat ez egiteko. Gerry Kelly Sinn Feineko parlamentariak azaldu zuenez, horrekin, protestanteekin izan litezkeen enfrentamendua saihestu nahi dute, eta bake prozesuaren aurka dauden taldeek iragarri dituzten protestekin ez topo egitea.
«Ez dugu onartuko edozein taldek, prozesuaren aurkako disidente errepublikanoak, loialistak edo ingeles faxistak izan, Estatu britainiarraren indarkeria pairatu duten biktimek manifestatzeko duten eskubidea oztopatzea», nabarmendu zuen Kellyk.
Sinn Feinen manifestazioaren helburua Armada britainiarrak paramilitar loialistekin izan dituen harreman estuak salatzea da. Bide batez, Irak eta Afganistanera tropa britainiarrak bidaltzearen aurka dagoela ere adieraziko du horrela alderdi errepublikano irlandarrak.
Armada britainiarrak ere zenbait neurri hartu ditu giroa baretzeko. Esate baterako, Belfast en desfilatuko duten soldaduek ez dute armarik eramango eta Afganistanen eta Iraken izandako tropei harrera egiteko aurreikusita zeuden hegazkin militarren hegaldiak bertan behera gelditu dira.
Irlandako iparraldean dauden soldadu britainiarren agintaririk gorenak, Chris Brown jeneralak, desfile honetan istilurik izan ez dadin Armada ahaleginak egiten ari dela nabarmendu zuen.
«Desfilatuko duten guztiek armarik ez dute eramango, eta bertan izango den musika ekitaldiak, bertako komunitateen arteko lotura islatuko du», adierazi zuen Brown jeneralak.
Unionistak, haserre
Alderdi unionistek, ordea, ez dituzte neurri horiek gustuko izan. Bai DUP (Alderdi Demokratiko Unionista) bai UUP (Ulsterreko Alderdi Unionista) haserre azaldu dira.
DUPeko diputatu Ian Paisleyk (semea) esan zuenez, desfilearen zenbait ezaugarri ezabatu dituztela-eta, «hiritarrek iruzur egin dietela sentituko dute». «Penagarria da Ipar Irlandako tropek ez izatea etxean Britainia Handian egiten dieten harrera ekitaldi bera», gaineratu zuen.
UUPko buruzagiorde Danny Kennedyk, berriz, «Sinn Feinek egindako mehatxuen aurrean burua makurtzea» egotzi zion Armada britainiarrari.
Giroa baretzeko asmoz, desfilean parte hartuko duten soldaduek armarik ez eramatea erabaki du Armadak. Horrek alderdi unionisten haserrea piztu du, «Sinn Feineko mehatxuaren aurrean men egin dutelako».