GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

Euskal derbia BECen

Auzokoak bai, baina auzolanaren laguntza ezin eskainita

Sailkapenean hurbil daude bi taldeak, baina aldeak agerian daude. Gizpuzkoarrak gorako dinamikan sartuta, eta bilbotarrak burua ezin jasota. Gaurkoak dirudiena baino gauza gehiago erabaki ditzake.

Koldo AKORDARREMENTERIA | GASTEIZ

12.30ean izango da (ETB-1). Txus Vidorretak eta Pablo Lasok elkar agurtu, eta Miguel Angel Perez Perezek baloia airera botako du une horretan. Hamar jokalari kantxan eta milaka -10.000 gutxi gorabehera- jarraitzaile BECeko harmailetan. Hortik aurrera zer gertatuko den, ezin jakin.

Aurrekariek, oso gutxigatik bada ere, Iurbentiaren alde jotzen dute. Izan ere, bi taldeak ACB Ligan egon ziren denboraldi bakarrean, 2006-07an, Lagun Aro Bilbao Basket izenarekin ezagunagoa zen taldeak irabazi zituen bi norgehiagokak. Lehena Illunben jokatu zen, eta 54-59 irabazi zuten bilbotarrek. Bigarrena La Casillan izan zen, eta puntu bakarragatik irabazi zuten Txus Vidorretaren mutilek; 66-65. Orain hain beharrezkoa den Recker-en 20 puntuek erabaki zuten azken emaitza. Baina beste hark esango zuen moduan; «ta ezer ez da berdin».

Ezaguna da saskibaloiko taldeetan jokalarien joan-etorria etengabea izaten dela. Kasu honetan, eta legea baieztatzen duen salbuespenenik egon ez denez, bi taldeek aldaketa handiak egin dituzte ordutik. Iurbentiaren kasuan, eta azken bi urteetako emaitza bikainak direla medio, duela bi urte taldeko hezurdura osatzen zuten 5 jokalariek taldean jarraitzen dute -Salgado, Weis, Recker, Banic eta Savovic-. Baina taldea osatzen duten beste 6 jokalarientzat Bruesaren aurkako lehen derbia izango da gaurkoa. Donostiako taldean, aldiz, eta LEB mailan denboraldi bat igaro ostean, sakon-sakoneko aldaketak egin zituzten. Gauzak horrela, duela bi urtetik hona 2 jokalarik iraun dute taldean; Ricardo Uriz eta David Doblas. Horregatik, estatistikak badaude, baina bi taldeek jasan dituzten aldaketekin, zaila da ordukoarekin konparazio erabilgarri bat osatzea.

Gogo aldarte ezberdina

Bi taldeen jokoa ez da guztiz txarra izan, baina kemen aldetik, oso egoera ezberdina dute. Bata baikor ari da jokatzen, eta besteak konfiantza falta handia du. Iurbentiaren egoera beltz samarra da. Denboraldi hasieran, iazko emaitza errepikatzea ia ezinezkoa izango zela aitortu arren, halako hasiera kaskarrik ez zuen inork espero. Azken hiru porrotek urduritasuna ekarri dute Bilboko taldera, eta iaz lehena izateko borrokan zebilen taldea zuloan sartzen hasia da.

Donostian egoeraren beste aurpegia dute bistara. Bruesaren azken bi garaipenek baikortasuna txertatu dute taldean, eta horrela, presio handia kendu dute gainetik.

Esan bezala, Bruesa eta Iurbentia berriro goi mailako txapelketan lehian izango dira. Biek ere, garaipena nahi. Hala ere, kontuz. Auzokoak bai, baina laguntza eskatzeko garai txarrak dira-eta.

Bi planteamendu partida irabazteko

IBB eta Bruesa. Bi talde, bi entrenatzaile, saskibaloia ikusteko bi modu eta premia ezberdinak. Pablo Lasoren ustez, defentsan egongo da irabazteko gakoa. Pasa den asteko garaipena ahaztu egin behar dela esan zuen gasteiztar prestatzaileak. «Oso polita izan zen, baina errealitatera bueltatu behar dugu» azpimarratu zuen jokalari ohiak. Horren harira, eta gaurko partida irabazteko zer behar duten galdetu ziotenean argi esan zuen norgehiagoka aurrera eramateko faktore asko bete beharko dituztela. «Erritmoari eutsi, defentsa gogorra egin, eta beraien kanpoko saskiratzaileei paseak egitea eragozten badiegu, garaipenaren zati handi bat gurea izango da».

Vidorretaren kezka, aldiz, beste bide batetik doa. «Defentsan ondo ari garela uste dut. Erasoan ditugu arazo gehiago; lasaitasunez aritu behar dugu, antsietaterik gabe», esan zuen bizkaitarrak. Gai horrekin lotuta izen bat aipatu zuen: Lucas Recker. Estatubatuarra pattal samar dabil bolada honetan -hiruko marratik %19ko portzentaje eskasa darama jokalariak-. Talde bilbotarrak Recker-en laguntza behar duela eta, laster bere mailarik onenean egongo dela ziur da Indautxuko entrenatzailea. GARA

Jende andana joango da Donostiatik

Sekula baino jende gehiago joango da Donostiatik Bruesaren partida jarraitzera. Guztira Donostiako bulegoetan 750 sarrera baino gehiago saldu dira. Horrek esan nahi du Caceres-en igoera jokatzeko Final Four-a ikustera joan zirenak baino zaletu gehiago joango direla gaurkoan Bilbora.

Bi lesionatu ziur, baina zalantzak gehiago

Bilboko taldean Pedrag Savovic zalantza izango da, astean zehar matrailezurrean kolpe bat hartu duelako. Javi Salgadok aste hasierako arazoak gainditu ditu eta jokatzeko moduan egongo da. Bruesaren kasuan Bojan Popovic-ek ezin izango du jokatu eta Alex Urtasun zalantza izango da azken unera arte, nahiz eta astean zehar bere egoerak nabarmen egin duen hobera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo