Poliziaren arduradun politikoei hausnartzeko eskatu die amnistiaren aldeko mugimenduak
GARA |
Amnistiaren aldeko mugimenduak urte hasieratik Ertzaintzak burututako atxiloketak -106 lagun atxilotu ditu- eta mobilizazioen kontrako oldarraldiak jasotzen dituen txostena egin du, eta, emaitzak ikusita, kezka handia adierazi du Polizia autonomikoak erabilitako bortizkeriagatik. Honekin batera, «bortizkeria honen erantzule politikoei» bultzatzen ari diren polizia ereduaren gainean hausnarketa egin dezatela eskatu diete.
«Ez da berria Ertzaintzaren funtzio errepresiboa» nabarmendu du amnistiaren aldeko mugimenduak, gogora ekarriz «Estatu espainolak euskal independentismoaren aurka bideraturiko fase politiko guztietan» Polizia honek zeregin bat bete izan duela, «betiere espainiar estrategia honen mesedetan». Besteak beste, gogorarazi du 1990eko hamarkadan «Y talde» deitutakoen kontrako operazioetan ehunka gazte atxilotu zituztela, tartean «tortura kasu larriak izan zirela», eta torturatuz lorturiko inkulpazioak erabili zituztela gazteok espetxeratzeko.
Azken hileetan, aldiz, Auzitegi Nazionalak edo Barne Sailak ezarritako «debekuen bermatzaile» gisa aritu dela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta gaineratu du «bortizkeria handiz» eraso eginez, sakabanatu izan duela hamaika mobilizazio. «Herritarrak gogoz jo dituztela ikusi dugu -dio prentsa oharrak-, bertatik bertara gomazko pilotez tirokatu dituztela, atxilotu, jipoitu, zauritu...».
Ildo horretan, EAJri aurpegiratu dio PSOEren «apustu errepresiboarekin» bat egitea, haren zerbitzura jarriz «bere makinaria errepresibo nagusia den Ertzaintza». «Ertzaintzaren bortizkeria honen atzean erabaki politiko argia dago, sektore independentistari amaiera jartzeko erabakia», hain zuzen.