GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Iñaki arrizibieta Legarre Administrazioan Euskaraz Taldea

Iruñean udako ekitaldietan, euskaldunok ahaztuta

Uda amaitu dugu eta beste behin ere Iruñeko euskaldunok ezezagunak eta arrotzak izan gara bertako administrazioentzat. Ezezagunak eta arrotzak bai Iruñeko Udalarentzat, bai Nafarroako Gobernuarentzat.

Administrazioan Euskaraz taldeak analisia egin nahi du udan zehar administrazio hauek herritarrei eskaini dizkiguten ekitaldietan euskarak izan duen presentzia eta garrantziari buruz. Emaitzak ondoko hauek dira.

Iruñeko Udalaren Civivox Zentroei dagokienez, zine gauak antolatu dituzte hainbat auzotan. Denak, gaztelaniaz izan dira.

Hainbat ikastaro eta irteera antolatu dituzte zentro horiek. Kale eta plazetako kantaldi eta ikuskizun ugari ere bai. Den denak gaztelaniaz.

Ekitaldi hauei buruz banatu diren informazio orriek eta liburuxkek ere beren istoriotxoa daukate. Gehienetan euskarazko bertsioa badago, baina gaztelania eta euskara euskarri ezberdinetan paratzen dituztenez, ematen du euskarazko bertsioak erdi ezkutaturik daudela (ez baitira ikusten). Udalak elebitasunaren inguruan egiten duen politika maltzurraren ondorioa da, zalantzarik gabe (itzultzaileen atsekaberako, bide batez).

Iruñeko Udalaren Gotorlekuko erakusketa aretoetan, erakusketen informazio liburuxkak sarrera bi hizkuntzetan dauka, baina erakusketa bakoitzaren laburpena, adibidez, gaztelaniaz soilik dago.

Bertan paraturiko argazki erakusketan -panel erraldoien bidez-, «Munduari begira» izenekoan, euskararen presentzia gaztelaniarena baino hiru aldiz txikiagoa zen.

Beste alde batetik, Donejakue bidea sustatzeko kanpainaren barruan («Iruñea, bidean lehena» izenekoa), egindako ekitaldiak eta propaganda material guztia gaztelaniaz egin zituen (edo horrela banatu zuen propaganda).

Era berean, Sabicas gitarra-jotzaile handiari egindako omenaldia iragartzeko faroletako kartelak eta propaganda gaztelania hutsean zegoen.

Ez da Sabicasena aurten Iruñean egin den omenaldi bakarra. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak Sarasateren omenezko biolin erakusketa antolatu zuen Sarasate Pasealekuan. Kaleko propaganda gaztelaniaz egin dute. Artelan bakoitzaren ondoan, zoruan jarritako plaketan euskararen lekua irrigarria da.

Amaitzeko, Baluarte Fundazioak erakustoki honetan antolatzen dituen ekitaldiak aipatu behar ditugu, Nafarroako Gobernuaren diru laguntzaz. Informaziorako liburuxkak sarrera ele bitan dauka, baina ekitaldi bakoitzaren laburpena, aldiz, gaztelaniaz.

Aipatutako guztia kontuan hartuz, erraz ondoriozta daiteke udako kultur ekitaldietan heldu euskaldunak baztertu gaituztela. Baita haur euskaldunak ere, nahiz eta Iruñean bertan D ereduak indar handia duen.

Informazio gutxi eman digute euskaraz eta, gainera, hein handi batean, ezkutatu egin digute, benetan zaila eginez euskarazko testuak topatzea.

Euskaldunok kolonizatuak gaude. Zoritxarrez, udakoa urte osoan gertatzen denaren isla besterik ez da (Udalaren euskarazko tailerrak salbu).

Oraintsu Iruñeko Udalaren Civivox zentroen programazioa atera dute eta ez dago zentro hauetan inolako ikastaro, tailer, ekitaldi edo bestelako jarduerarik euskaldunontzat. Bide batez, banaturiko liburuxkak eta prentsako iragarkiak gaztelania hutsean daudela aipatu behar da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo