GARA > Idatzia > > Kirolak

BAT FORMULA Amaitu da denboraldia

Timo Glock da protagonista nagusia biharamunean

«Ez dut uste titulua nik eman nionik Hamiltoni», adierazi du alemaniarrak
p037_f02_444x444.jpg

GARA | SAO PAULO

Ez Lewis Hamilton ez Felipe Massa, bere zoritxarrerako, Timo Glock alemaniarra bilakatu da ezustean Bat Formulako azken lasterketaren biharamuneko protagonista nagusia. Beste guztiek gurpilak aldatzeko geldialdia egin zuten bitartean, Toyotako gidariak errepide bustirako pneumatikoak ez jartzea erabaki zuen Brasilgo Sari Nagusiko azken itzulietan. Apustua gaizki irten zitzaion, ordea, eta azken bi itzulietan sekulako denbora tartea galdu zuen. Hamiltonek ere aurreratu zuen azken bihurgunean eta horri esker irabazi zuen Munduko Txapelketa Felipe Massa etxeko gidariari puntu bakarreko aldea aterata. Brasilgo zaleek ez dute berehala ahaztuko alemaniar gaztearen izena.

«Lasterketa gogorra izan zen eta Toyotarentzat puntuak batzeko ahal nuen guztia egiten saiatu nintzen. Sei itzuli falta zirenean pneumatikoen egoeraz galdetu nien taldekideei eta eguraldi iragarpenari buruz. Pistan jarraitzea erabaki nuen, gurpilak aldatzea beharrezkoa ez zela izango pentsatu nuelako. Azkeneko itzulian bosgarren postua galdu nuen nik, eta Munduko Txapelketa erabaki zuen. Hala ere, ez dut uste titulua nik eman nionik Hamiltoni, urte osoan egindako lanaren emaitza da», esan zuen Glockek.

Gertatutakoa hobeto ulertzeko argigarria izan daiteke azken itzulian Hamiltonek eta Glockek egindako denborak aztertzea. Izan ere, Hamiltonek 18 segundo gutxiago behar izan zituen eta 13 segundoko atzerapena izatetik helmugan 5 segundoko aldea izatera pasa zen. Arrazoia, bota zuen euri jasa eta azken kilometroko aldapan trakzioak duen garrantzia.

Aldaketak

Datorren urteari begira, gidari aldaketa bakarra dago oraingoz ziurtatuta. Sebastian Vettel alemaniarra Toro Rosso utzi eta Red Bull taldera pasako da. Badirudi, azkenean, Alonsok Renaulten jarraituko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo