Gari Mujika Kazetaria
Bandera trapu bat da haizerik ez badabil
Eskerrak, zinez gogaikarria den euskal politikagintzak tarteka albiste barregarriren bat ematen duen. Hori bakarrik aitortu behar bazaie ere, aspaldian ez bezala barrea eragin izana eskertu behar zaie EAEko PPkoei. Arritmikoa izateak zer esan nahi duen zantzurik ez badute, are gutxiago lotsa apurra. Euskal atzizkia duen orori irainak baino goitikatzen ez dituen Maria Jose Usandizaga Beyonce-ren musikarekin dantzatzen ikusteak bati baino gehiagori eguna alaitu zion. Ziur. Hauteskunde bezperotan, gainera, Antonio Basagoitik, alkandoraren mahukak jasotzeak «gazte boza» eskuratzea erraztuko ziolakoan, Arabako Iñaki Oiarzabali astebeteko bizarrarekin gerria mugiarazteko agindua eman zion. Noski, mezatara joateko, ordea, betiko lez, dotore-dotore, eta ostia hartutakoan «ostiak» beste batzuei opatuz otoitz egiten.
Baina, zoritxarrez, batzuen pozak besteen tristurak izan ohi dira herri honetan. Areago, kasu honetan, Lizartzan. Bertan bizi ere ez diren 27 pertsonen bozek ezarri zuten Regina Otaola herriak aitortzen ez dion gobernu lanetan. Bandera espainola indarrez inposatu zuen, baita udalerri lasaia indar polizialez okuparazi gaur bai eta bihar ere bai. Nahikoa ez, eta lortu dute beren proiektu espainolak sortutako auzitegiek Lizartzako herritar bati lau urteko espetxe zigorra ezartzea herrian ongi etorriak ez direla adierazteagatik. Baina horrelakoak, antza, ez dira albiste gurean. Ez batzuentzat behintzat. Nahiago baitute mila dorre eta gaztelu airean egitea gustuko duten agintarien erretolika ustelen bozgorailu lanak egitea. NBEk, giza eskubideak direla-eta, Madrili eman dion masailekoa ere ez da albiste; bai ordea, lerdea dariela «giza eskubideak» esanez ahoa beteta aritzen diren euskal politikari profesionalek Argentinan erabakitze eskubideari buruz esanak.
Dantzan. Hori egiten baitute, soilik, askok; mihiak dantzan jarri. Eta beste batzuek, ordea, gazte nafarrak kasu, dantzan jartzen dituzte. Baina hori ere ez da albiste. Dantzarako, musika behar. Eta letra zuhurra izanez gero, hobe. To, hemen, gomendioa: DUT; «Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil».