Euskal eskola nazionala helburu, hogei urte bete dituzte ikasle abertzaleek
1988an Iruñean hainbat ikaslek osatutako batzordea bildu zenetik, hogeigarren urteurrena ospatzen du aurten Ikasle Abertzaleak mugimenduak. Hogei urte lanean eta borrokan. Hogei urte Euskal Herriari herri gisa dagozkion eskubideak berma daitezen lanean. Ikasle mugimenduaren dinamizatzaile eta bilgune, euskal ikasleriak dituen arazoen muinera jotzen du, proiektu propioak aldarrikatuz, hedatuz eta martxan jarriz.
Janire ARRONDO
Euskal Eskola Nazionala da Ikasle Abertzaleak erakundearen proiektu nagusia, eta proiektu horretan biltzen dira erakundeak urteetan zehar jarraitu dituen lan ildo nagusiak. Proiektuak eskola euskalduna jasotzen du, bai hizkuntzaz eta baita edukiz ere, bere gaitegia euskal curriculuma delarik. Hezkidetzailea eta pedagogikoki berritzailea ere bada, alegia, neskak eta mutilak era berean haziko dituena. Herritarra eta nazionala, Euskal Herri osoko herriek zuzendu eta kudeatuko dutelako. Helburu horretara bidean, Ikasle Abertzaleak erakundeak ikas-adar guztiak eta hainbat hizkuntzetan ikasten duten ikasleak biltzen ditu.
Hazia ernaltzean, hazten
Hainbat urtez ikasleen ekintza eta protestekin lurra lantzen aritu ondoren 1988an etorri zen Ikasle Abertzaleak erakundearen sorrera Iruñean. Lehenengo urteetan hainbat gatazka izan bazituzten ere langai, berehala murgildu ziren irakaskuntzan ikasle mugimenduaren gidaritzan.
Urte hartan bertan egin zuten lehen batzarrean argi zuten hezkuntza Euskal Herriaren beharrei lotua egon behar zela, eta horretarako derrigorrezkoa zela euskal hezkuntza publikoa izatea. Autoritarismoaren aurkako borroka piztu zen urte haietan, alegia, ikasleen mugimendua deuseztatzea helburu zuten indarren aurkakoa.
Helburuak finkatuz
1991n egin zuten lehen kongresuan ikasleen eskubideen alde indarra egingo zuen erakundea osatzea zen egiteko nagusia. Han, ordura arte ongi zein gaizki egindakoak aztertu zituzten. Ikusi zuten erakundeak oso joera politiko zehatza zuela, eta finkatuak zituzten helburuak lortzeko hori ez zela beharrezkoa.
90eko hamarkadan gorabehera handiak pairatu zituen ikasle mugimenduak, eta eztabaida sakonak egin ziren erakundea nola indar zitekeen erabakitzeko. Garai korapilatsua izan zen, baina Ikasle Abertzaleek dinamika eraikitzaileagoari ekin zioten, eta beren estrategiaren ardatz bihurtu zen Euskal Eskola Publikoaren proiektua.
Hamargarren urteurrenaren bueltan, «Autoritarismoari kaña» lelopean jardun zuten. Unibertsitateetako espedienteen aurka eta poliziaren presentziaren aurka aritu ziren lanean. Baita ikastetxeetan ikasleen mugimendua deuseztatzea helburu zuten arau eta neurrien aurka. Intsumisio dinamikak martxan jartzea proposatu zuten, frantziar zein espainiar eduki, ikasgai eta hezkuntza sistema orokorrari intsumisioa. Ugariak izan ziren garai horretako ekintzak, horien artean adierazgarrienak ikasgeletan espainiar edukiak jasotzen zirenean buelta ematea edo unibertsitatera sartzeko selektibitateari uko egitea.
Horren guztiaren ondoren, 2001eko udazkenean euskal ikasleen IV. Biltzarra ospatu zuten, eta bertan Ikasle Alternatiba zehaztu eta bere gain hartu zuten.
Ikasle Abertzaleak erakundeak 2002an eman zuen beste pauso garrantzitsu bat, hain zuzen ere, Pirineoen bi aldeetako euskal ikasleak bildu zituen. Garai oparoak izan ziren urte horiek ikasle mugimenduarentzat, hezkuntza sistema nazionalaren bidean kalera jende asko ateratzea lortu zuten.
Euskal ikasleen eskubideen karta
Oparotasun urte horien emaitza edo erakusgarri gisa iritsi zen Eskubideen Karta. Ikastetxe bakoitzak, bere lanerako plangintza zehazten zuen, eta horretarako arma baliagarria zuen Eskubideen Karta hori. «Ikastetxe bat, borroka bat» lan filosofia abiatu zen urte horietan. Bederatzi ildo nagusi bildu zituzten Eskubideen Kartan. Hala nola hezkuntzarako eskubidea, hizkuntza eskubideak, kultur eskubideak, hezkuntza prozesuan subjektu izatekoa, hezkidetza eskubidea, ikas baldintza duinetan ikasteko eskubidea, eskubide demokratikoak, Euskal Herrian ikasteko eskubidea eta kolektibo gisa jarduteko eskubidea.
Hogei urteren buruan, «lanean jarraitzeko grina ez da falta eta ureztatzen dugun artean, arbolak hazten jarraituko du», adierazi zuten Ikasle Abertzaleak erakundetik.