GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Frantziako Kopa

Avironek eta Genetsek arazorik gabe gainditu dituzte kanporaketak

Jon LEUNDA | BAIONA

Aviron Baionakoa eta Genets Angelukoa ziren Frantziako Kopako seigarren kanporaketako bi euskal taldeak, eta biak izango dira zazpigarrengoan ere.

Bai baionarrek bai angeluarrek Akitaniako Ohorezko Mailako taldeak zituzten aurrez aurre. Avironek lau maila kentzen zizkion bere aurkariari, eta hiru Genetsek. Ezusterik ez da izan, eta biek jarraituko dute, nahiz eta kanporaketak partida batera direnez, beti izaten dituzten arazoak.

Baionakoek Pessacen zelaian jokatu zuten, eta 1-3 gailendu ziren. Hecklyk aitzineratu zituen zuri-urdinak atsedenerako bost minutu geratzen zirenean, eta bigarrena hasi eta bi minutura Amieuxek bigarren gola egin zuen. Baionarrek dena erabakita zegoela uste zuten, eta partidatik atera ziren. Etxekoek, orduan beren gola egin zuten, eta euskaldunak estutzen hasi ziren, baina Hecklyk hirugarren gola egin zuenean dena amaitu zen, eta kanporaketa Avironek eraman zuen.

Hona hemen talde zuri-urdineko jokalariak: Bouet, Degoul (Laporte, 63.min), Estrade, Roland, Amieux, Lacroix (Peraly, 36.min), Elisalt, J.lalane, Giron (Choplin, 58.min), Poueys eta Heckly.

Genetsek ere ongi irabazi zuen Olorueren zelaian. Hori-berdeek, alta, hamar lagunekin amaitu zuten partida, Sprengek txartel gorria ikusi baitzuen. Hala ere, amaieran etxekoak ahalegindu ziren arren, hiru mailako aldea handia da, eta hori nabaritu egin zen. Darbonek aitzineratu zituen euskaldunak partidaren hasieran, eta bigarren zatiaren erdian Barsacqek lortu zuen bigarren gola, eta horrekin norgehiagoka erabakita geratu zen.

Honakoak aritu ziren jokoan Genetsen: Cherreau, Dubroca (Spreng, 70.min), Van reusel, Lafitte, Laborde, Lefevre, Delabier, Louit, Barsacq (Sautier, 79.min), Darbon eta Gourio (Sabathier, 68.min).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo