GARA > Idatzia > > Ekonomia

Lurramak euripean, bisitari gutxiago izan ditu aurten

GARA |

Aurten ere jende anitzek «Lurrama, Baserria Euskal Herrian» hitzorduari bere atxikimendua erakutsi dio. Baionan antolatzen den azoka honek 26.000 bisitari izan ditu hirugarren edizioan. Joan den urtean baino ia 10.000 gutxiago badira ere, egin duen eguraldia kontuan hartuta, arrakasta handia izan duela baieztatu dute antolatzaileek. Horrekin batera, ekimena antolatze lanetan aritu diren 700 pertsonen inplikazioa ere nabarmendu nahi izan dute.

Ostiralean hasi eta igandean bukatu zen Lurramak bisitari gehien eguraldi ederra egin zuen egun bakarrean izan zituen. Larunbatean 14.739 pertsona hurbildu ziren Baionako Chaho kaira, ostiralean, aldiz, 6.400 izan ziren, eta igandean 4.816.

Igandean izanik ere, Lurramaren hitzordu nagusienak arrakasta handia bildu du, sukaldari famatuen bazkarirako zeuden 700 txartelak saldu ziren.

Euria

Euria izan du etsairik handiena aurtengo Lurramak, baina edizio honetan aurrekoan baino askoz ere azpiegitura handiagoa zegoenez antolatutako ekitaldi ia guztiak gauzatu ziren.

Ume Sainduz edo Domu Santu egunarekin batera izateak ere ez dio lagundu Lurramari. Egun hori jende askok familiarekin igarotzen baitu eta larunbateko bazkaria ez zen uste bezainbeste bete. Antolatzaileek, bi arrazoi horiek errepikatuko ez direlakoan, ekitaldiaren data aldatzeko asmorik ez dutela jakinarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo