Angel Ugarteburu Elgoibar
Karmelo Etxenagusia euskaltzale
Hasteko, etxeko, senide eta lagunei doluminak eman. Atsekabean lagun!
Ez da, baina, horrekin dena amaitzen. Urte gaitzetan erein zuen Karmelok euskaltzaletasunaren hazia. 1960ko hasieretan bera izan genuen Seminarioan ikasten genbiltzan euskaldunoi geure hizkuntza erabili eta horretaz harro egoteko aukera eman ziguna. Ia guztia gure kontra genuen sasoian.
Gogoan ditut haren eskolak. Zelako emozioz irakurtzen zizkigun Txomin Agirreren «Kresala» liburutik Kitolis edo Tramana eta Brix-en elkarrizketa biziak! Otxoluak, Oskillasok eta, batez ere, Kirikiñok («Abarrak») arrastoa laga zuen gugan. Didaktikan aditua izan behar, errazetik hasi eta irakurketa gozagarri egiteko. Harekin hasi ginen geu ere gure baitan landu barik genuen euskara idatziz ere erabiltzen. Jakin egin zuen hizkuntzarekiko maitasuna eta harrotasuna gureganatzen. Gogoan dut haren irribarrea elkarrizketako euskal esamoldeak, sentimenduz beteak, irakurri eta komentatzen zizkigunean. Bazekien enborrari sua emateko abarrak, gauza errazak eta atseginak behar direla lehenengo. Halaxe lortu zuen orduan haren ikasle izateko zoria izan genuenongan gerora fruituak eman dituen hazia ereiten. «Boga-boga» liburutxoa izan zen orduan gure gurdiaren bigarren gurpila. Kantuen harmoniak olioztatu zuen gurdi kirrinkariaren ardatza.
Euskaldun zinen sustraietatik eta zure ikasle eta adiskide izateko zoria izan genuenok esker ona erakutsi nahi dizugu. Bakeak eta aurretik joan diren hainbat euskal langile finek har zaitzatela besoetan.