Mikel Luloaga Aranburu Bai Euskal Herriari ekimeneko eleduna
Euskadi versus Euskal Herria
«Maite ditut maite/ gure bazterrak/ lanbroak/ izkutatzen dizkidanean».
Duela urtebete aurrerapauso garrantzitsu bat eman zen Euskal Herrian. Futbolaren esparrutik haratago jauzi egin zuen euskal pilotak. Pozez hartu nuen euskal kirolariek beren ekarpena mahai gainean jarri zutenean.
Ni ezagutzen nautenek aski dakite ez naizela kirolaren jarraitzaile sutsua. Baina liluratuta geratu nintzen herri honetako kirolariek duten konpromiso maila ikusita. Akaso kirol esparruan ere, herri gisa bizi dugun ukazioa, are modu gordinago eta estaliago batean bizi delako izango da, edo agian nire ezjakintasun eta aurreiritzi makalen mende nintzelako, ez dakit.
Ezkutuko errealitate bat agerian utzi zuten. Euskal Herriko kirolariak zatituta eta elkarri bizkar emanaz aritzen direla egunerokoan. Egun kirola sustatzen eta bideratzen duten instituzioek euskal kirolari batzuk lurraldearen arabera baztertu eta besteak bultzatu egiten dituztela argiki adierazi zuten. Bai, politikak agintzen duela kirolean ere! Eta, nola ez, zatiketa administratiboa dela oinarria eta sabaia.
«Zer izkutatzen duen/ ez didanean ikusten uzten».
Zazpi herrialdeetako kirolariak oinarri berri bat jarriz agertu ziren euskal jendartearen aurrean, Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat eta horretarako federazio nazionalak. Euskal jendarteak ez zuen kale egin abenduan, Bilbon izan zen mobilizazio erraldoi eta historikoan. Badugu garaia kirol esparrutik ere Euskal Herria eraiki daitekeela konturatzeko.
Gogoan dugu denok nori ez zitzaion `Euskal Herria' izena gustatu. Baina, garrantzitsuagoa dena, denok dakigu zergatik ez zitzaion gustatu `Euskal Herria' izena. Izenak izana eskatzeko arriskua dakar berarekin, horregatik egin nahi dute atzera.
Gaur gaurkoz `Euskadi'k izan behar omen du nazio honen oinarri eta sabaia. Euskaltzaindiak ezin hobeto definitzen duen bezala, `Euskadi' Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen duten autonomia erkidegoa da. `Euskal Herria', berriz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoa probintziek osatzen duten lurraldea.
«Orduan hasten bait naiz/ izkutukoa...».
Iazko Abenduaren 29an `Euskal Herria' zuen izena. Aurtengo urriaren 25ean `Euskal Herria' zuen izena eta abenduaren 23an `Euskadi'? Zergatik uste duzue ez garela konturatzen komeni bezala erabiltzen dituzuela izenak eta izanak?
Jada ez dut sinesten ukazio eta mugak Madrilek eta Parisek jartzen dituztenik. Ez behintzat kasu honetan. Oraingoan Gasteizko Gobernua kudeatzen dutenak dira euskal jendarteaz trufatu eta euskal kirolarien konpromiso eta borondatea deuseztatu nahi dutenak. Aitortu dezatela!
Nork agindu du Euskal Herriko selekzioari izena aldatzea? Nork agindu du kirol esparruan lehengoez gaindi, oztopo berriak jartzea?
Batzuen zoritxarrerako, niri behintzat iazko lilurak irauten dit. Uste osoa dut Euskal Herriko kirolariek arduraz jokatuko dutela eta lorturiko pausoetan ez dutela atzera egingo. Gainera, euskal jendarteak ere babes osoa emango liekeela uste dut. Ea behingoz herri honetan alderdi eta interes politikoek gidaturiko tertuliano-en musikari entzungor egin eta gure etorkizuna eskutan hartzeko irmotasuna, zintzotasuna eta adorearen musika gailentzen den.
«Nere barruan pizten diren/ bazter miresgarriak/ ikusten».