GARA > Idatzia > > Euskal Herria

OBITUARIO

Errepresioari aurrea hartu zion amaren maitasuna

GARA |

Urte asko -ge- hiegi zazpi seme-alaba dituen ama batentzat- pasa dira azken aldiz familia osoa bilduta ikusi nuenetik. 1968. urtean seme zaharrenak, Jose Manuel Peixoto-k, Ekuadorrera alde egin zuenetik, ez dut denak mahai baten inguruan ikusteko paradarik izan. Harrezkero, ez dut familia osoaz disfrutatzeko aukerarik izan; harrezkero, beti falta izan zait seme-alabaren bat etxean, baita lau ere aldi berean garairik triste eta gogorrenetan; harrezkero, Guardia Zibilak eta poliziak hamaika aldiz sartu zaizkit gauez baserrian, armak eskuetan zituztela oihuka eta dena hankaz gora utziz; harrezkero, milaka kilometro egin ditut kartzelaz kartzela gehien maite ditudanak hogei minutuz ikusi ahal izateko; harrezkero, mundua korritu dut...»

Modesta Gallastegik bizitza osoa eman zuen Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren ondorioekin bizitzen. 1936 urteko gerra ere bere larruan bizi behar izan baitzuen, baita bere anaia Jose Mari frankisten esku zazpi urtez preso nola izan zuten ikusi ere. «Familiako lehen atxilotua izan zen», oroitu zuen Modesta Gallastegik 2001eko urtarrilean argitaratu zen «Urrunean» liburuan. Gerora, izandako zazpi seme-alabetatik kasik guztiek sufritu dituzte, modu desberdinetan -errefuxiatu gisa, deportatuta, preso, ihesean, guda zikinaren baitan...- gatazkaren hatzaparrak. Eta beraiekin batera, baita Gallastegik ere.

«Artean ez nekien zein gogorra nintzen, bai ni bai familia. Urte batzuk geroago konturatu nintzen sendotasuna odolean generamala denok, etxeko oheak, bat-batean eta adiorik gabe, husten hasi zitzaizkidanean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo