GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Euskal Herriari buruzko zenbait egia Bruselan

Atzo Bruselan, Europako Parlamentuko areto batean, Euskal Herriaren gaineko hitzaldi jakingarria egin zuen Friendship diputatu taldeak. Jakingarria eta, antolatzaileen arabera, arrakastatsua, bertaratutakoen kopuruak aurreikusitakoa gainditu baitzuen. Entzuleen artean talde guztietako hainbat ordezkari zeuden, Brian Currin eta Raymond Kendall Euskal Herriko Bake eta Elkarrizketaren aldeko Nazioarteko Ekimeneko kideek esan zituztenei adi. Eta Euskal Herriak ibili beharko duen prozesu demokratiko baterako klabeak entzun zituzten agertoki ezin egokiago hartan.

Brian Currin hegoafrikar abokatuak badaki gatazka politikoen konponbide prozesuez, ez baititu alferrik Hegoafrikakoa eta Ipar Irlandakoa gertutik ezagutu. Bi gatazka desberdin, baina bien konponbide prozesuetan hainbat elementu komun izan zituztenak eta Euskal Herrian ere aplikagarriak direnak, Currinek esan zuenez, Estatu espainolaren jarrera nabarmen utzita. Atxilotutako lagunekin abokaturik egoterik nahi ez dutenak epaileak eta poliziak izatea bitxia dela ere entzun zen aretoan, baina nabaritasun hori ez zuen ezker abertzaleko ordezkari batek esan, Interpoleko idazkari nagusi ohi Raymond Kendallek baizik. Horrelako egiak, nazioartean argia ikusteko hainbeste zailtasun dituzten egiak, entzun ziren atzo Bruselan. Eta komenigarria ez ezik, beharrezkoa ere bada egiak estali beharrean, esan eta entzutea, alde guztien egiak eta iritziak, diagnosi bat egin eta haren araberako konponbidea abian jarriko bada. Eta, aitzitik, euskal gizarteko sektore esanguratsu bat, garrantzi kualitatibo eta kuantitatibo handikoa, baztertuta nekez lortuko da konponbide demokratiko bati heltzea.

Euskal Herriaren benetako egoeraren zenbait alderdi Europara agertu ziren atzo, eta mahai gainean geratu zen nazioarteko komunitatea gatazkaren konponketa prozesuan inplikatzeko beharra. Baita beste baldintza ezinbesteko bat ere: gatazkaren alde guztiek berdintasun egoeran parte hartzea. Oso logiko eta bidezkoa dirudi, baina bada hori eztabaidatu ere nahi ez duenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo