GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Desjabetze akten sinatzea Itsasondon

Irregulartasun eta protesta artean, desjabetzeak aurrera

Administrazioen asmoek aurrera egin eta Abiadura Handiko Trena eraikitzen bada bortizki eraldatuko da herrien bizimodua, Itsasondokoa kasu. Proiektuak norbanakoen eta lurjabeen egunerokoa, ordea, dagoeneko eraldatu du. Izan ere, askok borroka batean aritu behar baitute eurena dena defendatzeko.

p017_F02.jpg

Maider EIZMENDI

Atsekabeak bata bestearen ondotik iritsi zaizkio Aitor Esnaolari, norbaitek, bulegoan eta planoen gainean, Abiadura Handiko Trena bere lurretatik igaroko zela erabaki, eta asmo horren berri izan zuenetik. Atzo bide luze horretan beste kapitulu garratz bat bizi behar izan zuen, bere lurretan Gobernu espainoleko ordezkariek lurrak okupatu aurreko aktak sinatu baitzituzten, eta, Esnaolak berak nabarmendu zuen eran, horretarako beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez baziren ere.

Izan ere, goiza aldrebesa gertatu zen. 10.30ean zegoen hitzordua jarrita eta ordu horretarako dozenaka lagun bildu ziren Legorretako Berostegi auzoan lurjabeari elkartasuna adierazi, lurjabeekiko jarrera salatu eta proiektua bera geldi dadin eskatzeko, Itsasondok honi ezetz esan ziola argudiatuta. Bertara gerturatu ziren, bestalde, Madrilgo Gobernuko eta Adif enpresako ordezkariak eta polizia mordoxka.

Elkarretaratzean zeuden pertsonen oihu artean abiatu ziren mendian barrena, desjabetu nahi dituzten lurretara, eta bertan topatu zituzten basoan zehar barreiatuta makina bat pertsona, AHT gelditzeko eskatuz, haiek ere oihuka.

Egoera horrekin topo egitean, Madrilgo Gobernuko ordezkariek sinatzeko egintza bertan behera uzteko keinua egin zuten hasieran, eta atzera mendian behera abiatu ziren; baina laster ziren berriz ere mendian gora, leku horretan eta, batez ere, atzo goizean egin nahi zuten-eta urrats hori. Zailtasunak eta irregulartasunak ordea, bata bestearen atzetik etorri ziren; izan ere, besteak beste, jabeari jakinarazi gabeko berritasunak jasotzen zituen plano bat aurkeztu zuten desjabetzeko.

Hala, abokatu eta teknikariek behin eta berriro salatu zuten egoerak eta zehaztapen falta horrek babesgabetasuna zekarrela lurjabearentzat. Horregatik, banan-banan eta eskuz jaso behar izan zituzten haren alegazioak, kexak eta eskaerak, tartean, lur horietan dabilen ganaduak ihes egin ez dezan neurriak hartzea. Horiek guztiak zehaztu zituzten euripean eta betiere elkartasuna adieraztera eta egoera salatzera bertaratutako lagunen oihu artean. Bien bitartean, inguruan ziren poliziek, kamerak eskuan, protestan parte hartzen ari zirenen eta lanean ari zirenen irudiak hartu zituzten.

Zehaztapenak zehaztapen, sinatzeko orduan lurjabeak ezezkoa eman zuen, «nik egoera honetan ez dut ezer sinatuko» esanda. Madrilgo Gobernuko ordezkariak konforme, sinatu ala ez prozesuak aurrera egiten baitu. Esnaolaren abokatuak, Onintza Oleagak azaldu zuenez, hurrengo pausoa lurren balioa zehaztea eta kontsignazioa egitea izango da. Ondoren, edozein unetan sartu ahal izango dute lurretan.

Oleagaren hitzetan, aktak sinatzeko prozesuetan «lurjabeak zehaztu behar dio Administrazioari, eta honek lurjabeari, zer den zehatz-mehatz desjabetzen dena», eta hori atzo ezinezkoa izan zen. «Bi planoen artean alde handia dago -zehaztu zuen- eta beraz ezin da jakin zer desjabetuko zaion». Ekitaldia bera ere «tamalgarritzat» jo zuen «lurjabeak ez baitu askatasun osoz ezer adierazteko aukera izan».

Gisa honetako jarrerak ohikoak izaten hasiak dira, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek behin eta berriz salatu dutenez, lurjabeei xantaia eta presio egiten ari baitira, «oinarrizko eskubideak urratuz».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo