GARA > Idatzia > > Kultura

Mikel Laboak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina

Markel Olano ahaldun nagusiak atzo jakitera eman zuenez, dominaren bidez Mikel Laboaren irudia «euskal kultura unibertsalaren erreferente eta ikur» gisa aitortu nahi dute. Datorren abenduaren 23an jasoko du abeslariak Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako saria.

GARA | DONOSTIA

Mikel Laboa abeslariak jasoko du aurtengoan Foru Aldundiak ematen duen Gipuzkoako Urrezko Domina. Hala jakinarazi zuen atzo Markel Olano ahaldun nagusiak. Bere hitzetan, «euskal kultura unibertsaleko erreferenterik garrantzitsuenetako bat» da Laboa eta «gipuzkoar guztion omenaldia merezia du».

Olanok jakinarazi zuenez, Laboak eta bere familiak oso gustura jaso dute albistea, baina baita «arduraz» ere. Artistaz «kulturalki, intelektualki eta artistikoki, sekula bigarren mailan geratuko ez den autore bat» dela ere aipatu zuen. Urrezko Domina, bestalde, «kultura sortzaileari eginiko omenaldia» dela gaineratu zuen.

Sari horren bidez, Laboari tradizioa lantzeko egindako ahalegina eta, aldi berean, garai bateko abestiak egungo belaunaldiei helarazteko egindako lana eskertu nahi diote. Horren harira, abeslariaren ibilbide artistikoa izan zuen mintzagai Olanok eta hala, «tradizioa eta abangoardia batu» eta «euskal abesti tradizionalak modernizatu eta ezagun egin» dituela azpimarratu nahi izan zuen. «Gure ahozko tradizio klasikoa berpiztu du», gaineratu zuen. Abeslari abangoardista izana, musika mota garaikideenekin lotura izan du, eta Olanoren esanetan, «koktel musikal eta kultural deigarria, originala eta unibertsala» eman du horrek.

Orain 74 urte Donostian jaiotako abeslariaren arrakasta ere goraipatu nahi izan zuten, Euskal Herrian eta nazioartean izandako oihartzuna azpimarratuz. Olanoren hitzetan, «euskal gizartearekin izandako loturak eta bere abestiek izandako oihartzunak» garbi erakusten dute hori.

Urrezko domina abenduaren 23an egingo den ekitaldi batean emango diote artista donostiarrari. Izendapen honen berri ematerakoan Markel Olanok jakinarazi zuenez, Mikel Laboa, «hasiera batean behintzat», bertan izango da.

Urrezko Dominarekin Mikel Laboa saria jaso dutenen zerrendan sartua da, Miguel Etxenike, Iciar Astiasaran eta Andoni Engañaren atzetik, horiek duela bi urte lortu baitzuten.

Laboa Donostiako Alde Zaharrean jaio zen 1934an. Baina 36ko Gerra hasi zenean, Ispasterreko Gardata auzora joan zen ama eta anai-arrebekin batera. Gerra amaitu baino lehen Gipuzkoako hiriburura itzuli ziren, baina dena oso aldatuta zegoen. Besteak beste, euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen eta, ondorioz, ordura arte bere hizkuntza bakarra zen euskara galtzen hasi zen.

Oihartzun soziala

Ibilbide musikala 1950ean hasi zuen Laboak, gitarra jotzen ikasten hasi zenean, hain zuzen ere. Urte batzuk geroago medikuntza ikasketak egin zituen Madrilen eta Iruñean, eta azken honetan hasi zen ia galdua zuen euskara berreskuratzen.

Zortzi urte geroago, lehendabiziko kantaldia eskaini zuen, gaztelaniaz, Gayarre antzokian, eta ordutik ez du bere ibilbidean etenik egin. 1964. urtean lau kantu tradizionalez osatutako lehen diskoa kaleratu zuen, «Azken» izenekoa. Geroztik beste hamabi disko kaleratu ditu. Azken lanen artean, «La Pelota Vasca» filmaren soinu banda, «Xoriek» CDa (2005) eta «Lekeitioak» (2007) bilduma osatua aurki ditzakegu.

Markel Olanok adierazi zuenez, bere abestiek gizartean izandako oihartzuna azpimarratzekoa da. Hainbat izan dira Laboak herri tradiziotik berreskuratu eta interpretatu dituen abestiak, eta horietatik asko euskal gizarteak bere egin dituenak. Hala nola «Txoriak txori», «Haika mutil», «Baga, biga, higa» eta «Gure bazterrak».

KULTURA SORTZEN

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, euskal gizarteak «eduki kulturalak sortuko dituzten pertsonak» behar dituela adierazi zuen. Urrezko Domina, beraz, sortzaile horiei eginiko omenaldia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo