Euskarazko bossa nova du oinarri Zura taldearen bigarren diskoak
Bossa nova eta Brasilgo musika herrikoia berritze eta eguneratze bizipenetan barneratu da Zura (Gor), eta Karibeko uretatik edanda plazaratu du «Kiribil» lana, abeslari eta musikari ugariren kolaborazioak bilduta.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Euskarazko bossa nova da Zura taldearen bigarren diskoaren oinarria. «Kiribil» izenarekin argitara eman duten azken lan horretan, «iturri desberdinak oinarri dituen bossa nova berritzailea aurkituko dugu», Xabi Strubell gitarra-jotzaile eta abeslariaren arabera. Izan ere, rocka eta funkaren tradizioak Brasilgo samba eta bossarekin nahasten dira. «Ikuspuntu berritzaile batetik landutako bossa da beraz, diskoaren muina», adierazi zuen. Horrela, «maitasuna, itxaropena eta sentimendu goxoak» lantzen ditu taldearen azken sorkuntzak.
Letra gehienak euskaraz idatzita dauden arren -horiek Strubellek berak eginak dira- Joseba Sarrionandiak portugesez egindako bertso batez ere baliatu dira, baita italierazko beste kantu batez ere.
Aurpegi berriak
Zenbait aldaketaren ondoren, Zura, gaur egun Xabi Strubellek, Nerea Olaxak (ahots nagusia) eta Diego Garciak (bateria) osatzen dute. Horiez gain, baina, Gorka Sesma (Kashbad-eko gitarra-jotzaile ohia) eta Hans (baxu-jotzailea) zuzeneko kontzertuetan arituko dira taldearekin. Strubellek jakinarazi zuenez, azken bi musikari horiek diskoa osatuta zegoenean elkartu zaizkie, baina etorkizunean baliteke musikariok taldeko kide izatea.
Kolaboratzaile ugariren laguntza izan du Bidasoaldeko taldeak azken lan honetan. Horren adibide dira Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Ines (Gose), Anari, Sorkun eta Sabina Leona (Wemean).
Azaroan diskoa aurkezteko kontzertuak egingo dituzte Durangon, Ziburun, Iruñean eta Donostian.