Polizia frantsesak 10 lagun atxilotu ditu trenbidean sabotajeak egitea leporatuta
Trenbide sarean kalteak egitea leporatu die Polizia frantsesak atzo Parisen, Rouenen, Meusen eta Tarnac-en atxilotu zituen hamar lagunei. Azkenaldian, hainbat sabotaje ekintza izan dira abiadura handiko trenean. Azkena, igandean bertan gertatu zen Narbonan.
GARA |
Polizia frantsesak hogei pertsona atxilotu zituen atzo Parisen, Rouenen, Meusen eta Tarnac-en trenbidearen sarean azken asteetan egin diren sabotajeak direla-eta. Horietatik, dena den, hamar berehala libre utzi zituzten. Polizia etxera eraman zituzten hamar horietatik bost Tarnac-en atxilotu zituzten.
Michele Alliot-Marie Barne ministro frantsesak eta SNCF trenbide konpainia publikoko presidenteak, Guillaume Pepyk, Polizia operazio zabala txalotu zuten. Era berean, atxilotuetako inork ez duela SNCFn lan egiten nabarmendu zuten. Adituen ustetan, egileek trenbide sistema gertutik eta ondo ezagutu behar zuten sabotajeak «oso landuak» baitziren. «Milioi bat hiritarrek eta gehiagok jakin-mina dute trenbideek nola lan egiten duten», esan zuen, ordea, Pepyk.
Azken erasoa igandean bertan izan zen Narbonatik gertu, hegoaldean. 23.00 aldera, Bruselatik Perpinyara doan abiadura handiko trenak trenbidean ipinitako bi hormigoi puska handirekin talka egin zuen. Nahiz eta tren-makinak kalte handiak jasan, zauriturik ez zen egon.
Larunbata egun beltza izan zen trenbidearentzat. Lau sabotaje egon ziren gune desberdinetan nahasmen handia eraginez. Abiadura handiko 160 trenek, Eurostarrek eta Thalysek atzerapenak izan zituzten.
Alliot-Mariek atxilotuei egotzi zien «ezker muturreko taldea» osatzea. Europako beste talde batzuekin loturarik ote zuten galdetuta, «Belgikako, Alemaniako, Britainia Handiko, Greziako, Italiako eta Europaz kanpoko hainbat talde ezkertiarrekin harremana» zutela helarazi zuen. Ustezko lotura «ideologikoa da eta ez antolakuntza mailakoa», aditzera eman zuen.
Nicolas Sarkozy presidenteak ere poza azaldu zuen operazio horretan «halako azkar egindako aurrerapenengatik».
«Harritzen gaitu zeinen azkar atxilotu dituzten ustezko susmagarriak. 2007an egin ziren sabotajeen gaineko ikerketen emaitzen berririk, ordea, ez dugu oraindik», esan zuen.