GARA > Idatzia > > Kultura

«Go!azen» musikala bihar estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean

p041_f01_088x124.jpg

GARA | GASTEIZ

Hurrengo hilabeteetan aretoz areto ibiliko da ETBrentzat Pausokak ekoiztu duen film musikala, hots, «Go!azen». Hala ere, bihar izango da honen estreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean 19.30ean. «Bertan, emanaldiaren aurretik, Oihan Vega, Gazteako esatari ezagunak egingo du aurkezpena eta aktoreek filmeko saioetako bat eskainiko dute», azaldu zuten atzoko aurkezpenean ekimen honen arduradunek.

Horren ondoren, Hego Euskal Herriko beste hiriburuen txanda iritsiko da hurrengo asteartean, hilaren 18an. Bilbon, Capitol zine-aretoetan 19.45ean izango da, Gasteizen Guridi zine aretoetan 20.00etan eta ordu berean Iruñeko Carlos III.a zineman.

«Bestalde, aurre-estreinaldiaren ondoren «Go!azen» azaroan eta abenduan izango da herri eta hiri askotan ikusgai», gehitu zuten arduradunek. Bisitatuko dituzten lekuen zerrenda oso luzea da, Euskal Herriko hiri eta herri mordora lan hau eraman ahal izateko.

Hala ere, zinema-aretoetan eskaini ondoren, ETB-1en estreinatuko da filma. Horrez gain, musikalak izan dezakeen oihartzuna jarraituz, Durangoko Azokarako salmenta leku nagusienetan eskuragai izango dira «Go!azen»eko abestien CDa eta DVDa.

«Go!azen»ek apaiz batzuek zuzentzen duten diziplina zorrotzeko udaleku batean gertatzen den istorioa du ardatz. Musika eta koreografiak oinarri dituela, udalekuan dauden 16 urteko neska-mutilen abenturak biltzen ditu musikalak. Hainbat agertoki izan ditu udan filmatutako lanak, tartean Azpeitian eta Hernanin izan direlarik.

Lan honek dakarren berritasuna, pelikulan, istorioarekin bat, hainbat euskal kanta ezagunen koreografiak agertzen direla da. Hala, aktoreek antzezteaz gain, kantatzen eta dantzatzen ikusiko ditugu. Horien artean, «Lau Teilatu» eta «Aitormena» klasikoak daude. Baina baita arrakasta handiko beste kanta batzuk ere: Ken Zazpiren «Ilargia» eta The Uski's-en «Horrelako». Pelikularako espresuki egindako bi kanta ere badira: «Go!azen» izenburua duena bata eta rap estiloko «Futbola eta lehia» bestea. Guztira, hamaika dira pelikula osatzen duten musika saioak.

Estreinaldiak

Donostia: Bihar, Antzoki Zaharrean, 19.30ean.

Gasteiz: Hilaren 18an, Guridi zinema-aretoetan, 20.00etan.

Iruñea: Hilaren 18an, Carlos III.a zinema-aretoetan, 20.00etan.

Bilbo: Hilaren 18an, Capitol zinema-aretoetan, 19.45ean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo